Itxi

X-deportes_campeonato parejas-X

X-deportes_campeonato parejas-X

Binakakoa

Igandean, zuzenean

Elezkano-Zabaleta faborito dira Peña-Albisuren aurrean, igandeko final handian

L. E. A. | EITB MEDIA

Aspeko bikotea onena izan da txapelketa osoan eta bi pilotariek badakite zer den Binakako txapela irabaztea. Baikokoak, berriz, goranzko joeran iritsi dira final handira.

  • Elezkano-Zabaleta vs. Peña-Albisu, 2021eko Binakako finala

    Elezkano-Zabaleta vs. Peña-Albisu, 2021eko Binakako finala. Irudia: EITB MEDIA.

Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak osatutako bikotea faborito da aurreikuspenetan Jon Ander Peñaren eta Jon Ander Albisuren aurka Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko duten Binakako Txapelketako finalean.

Zalerik gabe jokatuko den laugarren finala izango da (iazko hirurak ere zalerik harmailak hutsik jokatu ziren) Larrialdi Egoera larunbateko gauerdian amaitu arren, kirol ekitaldietara ikusleak sartzeko debekua indarrean jarraituko duelako EAEn.

Elezkanok (Zaratamo/Bizkaia, 27 urte) eta Zabaletak (Etxaurren/Nafarroa, 30 urte) badakite Binakakoa irabaztea zer den. Aurrelari bizkaitarrak 2019an irabazi zuen, eta atzelari nafarrak, berriz, 2013an eta 2018an. Zabaleta izan da, orain arte, txapelketako pilotaririk onena.

Hori kontuan izanda, eta, batez ere, aurtengo edizioan erakutsitako erregulartasuna eta maila altua ikusita, Elezkano eta Zabaleta faborito dira. Aurrean gero eta maila hobea erakustean ari den bikotea izango dute eta, gainera, Aspekoei irabazteko gai izan dira txapelketako aurreko faseetan.

Peña (Tolosa/Gipuzkoa), guztien artean gazteena, 23 urterekin, eta Albisu (Ataun/Gipuzkoa), beteranoena, 31 urterekin,  ligaxkako bi partidak irabazi zizkieten Elezkano-Zabaletari (22-20, urtarrilaren amaieran eta 22-15 martxoaren 19an jokatutakoa). Lehen fasean Aspekoek jasotako hiru porrotetatik bi Peña-Albisuren aurka izan ziren.

Hala ere, finalerdietan, Elezkano-Zabaleta nagusi izan ziren, argi eta garbi, 22 eta 8. Emaitza horri esker, gainera, finalerako txartela lortu zuten, eta Peñak eta Albisuk Altuna-Mariezkurrenaren aurka jokatu eta irabazi behar izan zuten finalerako txartela lortzeko.

Peñarentzat lehen final handia izango da, eta bigarrena Albisurentzat, 2013an jokatutakoaren ostean. Orduan izan zuen partida amaitu Pablo Berasaluze bikotekidea lesionatu egin zelako eta, ondorioz, txapela Juan Martinez de Irujok eta Zabaletak irabazi zutelako.

Materiala

Ostegunean egindako material aukeraketan, Elezkanok eta Zabaletak 106.4, 105.6 eta 106.1 gramoko pilotak hautatu zituzten, eta Peñak eta Albisuk 106.1, 105.9 eta 105.2 gramoko beste hiru.

Finala, 16:45ean hasiko den pilota jaialdiaren bigarren partida izango da, aurretik Jaka-Rezusta eta Altuna-Mariezkurrena norgehiagoka jokatuko da, eta ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzen-zuzenean emango dute.