Binakakoa
Labrit pilotalekuan
Irujok eta Barriolak galdu eta finalerdietatik at gera daitezke
Erredakzioa
Bikote nafarrak 22-12 porrot egin du dagoeneko sailkatuta dauden Berasaluze eta Albisuren aurrean. Orain Bengoetxea-Apraiz vs Xala-Laskurain partidaren emaitzaren menpe geratu dira.
Juan Martinez de Irujok eta Abel Barriolak kale egin dute Labrit pilotalekuan eta ezin izan dute Binakako Txapelketarenfinalerdietarako sailkapena baieztatu. Horrela, Eibarko Astelenan, igandean, jokatu beharreko partidaren menpe geratu dira nafarrak.
Irujok eta Barriolak 22-12 porrot egin dute Pablo Berasaluze bizkaitarraren eta Jon Ander Albisu gipuzkoarraren aurrean. Ondorioz, Xala eta Laskurainen porrota behar dute nafarrek. Iparraldeko aurrelariak eta Laskurainek Bengoetxea eta Apraiz izango dituzte aurkari igande honetan.
Berasaluzek eta Albisuk ez diote aukerarik eman bikote nafarrari, nahiz eta Irujok eta Barriolak 0-3 aurrea hartu markagailuan.
Aurreneko tantoetan bi bikoteek hutsak uztartu dituzte, baina berehala Berasaluze agintzen hasi da eta zenbait tanto eginda neurketa hautsi du.
9-9ra arte eutsi diete Irujok eta Barriolak, baina norgehiagokako bigarren zatian nafarrak aurretik eraman dituzte gorriek. Berasaluzek errematean asmatu egin du eta Albisuk atzeko koadroetan agindu du. Neurketak 47 minutuko iraupena eta 344 pilotakada izan ditu.