Itxi

X-deportes_campeonato individual-X

X-deportes_campeonato individual-X

Buruz Burukoa

Irribarriari irabazita (18-22)

Oinatz Bengoetxea, Buruz Buruko txapeldun

Erredakzioa

Leitzako pilotariak 18-22 irabazi dio finala Iker Irribarriari eta bere bigarren Buruz Buruko txapela lortu du Bengoetxea VI.ak.

0:51

Oinatz Bengoetxea izendatu da 2017ko Buruz Burukoaren txapeldun Iker Irribarriari 18-22 irabazita Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu den final handia. Bi pilotariek ikuskizun bikaina eskaini dute, eta Bengoetxea VI.ak txapela jantzi du berriro, 2008an txapeldun izan ostean.

Lehen tantoa Bengoetxea VI.ak egin du (0-1), baina 2016ko txapeldunaren erantzuna azkar etorri da bost tanto jarraian eginda (5-1). Oinatz Bengoetxeak lortu du aurkariaren bolada ona moztea, baina Leitzarra markagailuan gerturatzen izan den bakoitzean Irribarriak berriro zuloa irekitzen izan du. Aramako pilotariak bost tantoko abantaila lortu du (10-5), baina Bengoetxea VI.a ez da amore emateko prest egon eta emaitza irauli du zazpi tanto segidan eginda (10-12).

Bengoetxea VI.aren bolada ona ikusita Iker Irribarriak atsedena eskatu du, eta arnasa hartu ostean lehia berdintzea lortu du gipuzkoarrak (12-12). Oinatz Bengoetxea sakeak aldatzen hasi da, eta bost tantoko abantaila hartu du (12-17), baina Irribarriak urduritasuna kendu eta beste bost tantorekin erantzun du partida berriro berdintzeko (17-17).

Hamazpinako berdinketaren ostean Nafarroako pilotariak hartu du berriro aurrea (17-18), baina gipuzkoarrak azkar erantzun du (18-18). Azken txanpan erabaki da irabazlea. Amaierako tantoetan Oinatz Bengoetxea nagusi izan da, eta lau tanto jarraian eginda garaipena eskuratu du (18-22).

Markagailua tantoz-tanto: 0-1, 1-1, 2-1, 3-1, 4-1, 5-1, 5-2, 5-3, 6-3, 7-3, 7-4, 8-4, 9-4, 9-5, 10-5, 10-6, 10-7, 10-8, 10-9, 10-10, 10-11, 10-12, 11-12, 12-12, 12-13, 12-14, 12-15, 12-16, 12-17, 13-17, 14-17, 15-17, 16-17, 17-17, 17-18, 18-18, 18-19, 18-20, 18-21 eta 18-22.