Itxi

X-deportes_campeonato individual-X

X-deportes_campeonato individual-X

Buruz Burukoa

FInalaren atarikoa

Jokin Altuna eta Aitor Elordi, Buruz Buruko txapelaren bila

A. B. E. | EITB Media

Ekainaren 4an jokatuko da Buruz Buruko Txapelketako finala, Bilboko Bizkaia frontoian. Jokin Altuna eta Aitor Elordi ibiliko dira nor baino nor gehiago. Jaialdia 17:00etan hasiko da, eta zuzenean eskainiko dute eitb.eus-ek eta ETB1ek.

1:31
Elordi eta Altuna

Jokin Altunak eta Aitor Elordik jokatuko dute Buruz Buruko Txapelketako finala, ekainaren 4an. Final handia zuzenean eskainiko dute eitb.eus-ek eta ETB1ek, 17:00etatik aurrera.

Igandekoa banakako lehen finala izango da Elordirentzat. Bizkaiko pilotariak Binakako Txapelketa irabazi zuen Jose Javier Zabaletarekin bikotea osatuta; hala, goi-mailako bere lehen titulu handia bereganatu zuen, Unai Laso-Ander Imaz bikoteari finala irabazita (22-13).

Altunarentzat, aldiz, banakako enegarren finala izango da ekainaren 4koa: txapela jantzi zuen 2018an eta 2021ean; 2018an, Aimar Olaizolari irabazi zion finala (22-14), eta 2021ean, Beñat Rezusta hartu zuen mendean (22-5). Rezustak Iñaki Artola ordezkatu zuen final hartan. 2020an, ordea, galdu egin zuen Erik Jakaren kontra (22-20) eta iazko finala (2022koa) Unai Lasok irabazi zion (22-7).

Altuna III.ak eta Elordik elkarren aurka jokatu dute txapelketako final-laurdenetako ligaxkan. Biak ala biak A multzoan lehiatu ziren, eta bigarren jardunaldiko neurketan, Jokin Altuna nagusitu zitzaion Aitor Elordiri, 22-18ko emaitzarekin. Gipuzkoarrak A multzoko lider moduan egin zuen jauzi finalerdietara; bizkaitarrak, aldiz, A multzoko bigarren sailkatu gisa.

Elordiren finalerainoko ibilbidea

Hasiera batean, Aitor Elordi ez zuten Buruz Buruko Txapelketan sartu, baina Jose Javier Zabaletak min hartu zuenez, Mallabikoak ordezkatu zuen.

Final-zortzirenetan, Mikel Urrutikoetxea mendean hartu zuen Aitor Elordik (11-22), eta final-laurdenetarako sailkatu zen. Final-laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian, Elordik irabazi egin zion Danel Elezkanori (22-19), baina bigarren jardunaldiko neurketa galdu egin zuen Jokin Altunaren kontra (22-18). Hirugarren eta azken jardunaldian, ordea, garaipena bereganatu zuen Unai Lasoren aurka (16-22), eta finalerdietarako sailkatu zen.

Finalerdietan, Elordi nagusi izan zen Dario Gomezen aurkako lehian (15-22), eta hala lortu zuen finalerako txartela.

Altunaren finalerainoko ibilbidea

Jokin Altunak final-laurdenetako ligaxkan ekin zion Buruz Buruko Txapelketari, eta Unai Laso menderatu zuen lehen partidan (9-22). Bigarren jardunaldian, Aitor Elordiri irabazi zion (22-18), eta finalerdietarako txartela bermatu zuen horrela. Ligaxkako azken jardunaldian, irabazi egin zuen, Danel Elezkanoren kontra (12-22).

Finalerdietan, Joseba Ezkurdia izan zuen aurkari. Amezketakoa Arbizukoa aise menderatuta sailkatu zen finalera (12-22).