Buruz Burukoa
1. FINALERDIA
Altunak kantxatik atera du Unai Laso, Buruz Buruko bere seigarren finalera sailkatzeko (22-9)
L. E. A. | EITB MEDIA
Amezketarrak 15 eta 0eko partziala eginda bideratu du garaipena; Laso, berriz, txapeldunaren nagusitasunari nola aurre egin asmatu ezinda ibili da.


Jokin Altunak seigarrenez jokatuko du Buruz Buruzko Txapelketako finala, datorren ekainaren 1ean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Egungo txapelduna aise gailendu zaio lehen finalerdian Unai Lasori, 22-9, erritmo bizia izan duen finalerdian, markagailuan alde handia izan den arren.
Jipoi historikoa izatetik gertu egon da, Amezketako aztiak bere onena atera baitu hasiera-hasieratik, nafarrari arnasa hartzeko zirrikiturik eman gabe. Tantoak bata bestearen atzetik egin ditu 15 eta 0era iritsi arte.
Laso Altunari nola aurre egin asmatu ezinda ibili da partida osoan. Jokinek luze jokatu dio aurreko koadroetatik urruti izateko, gipuzkoarrak jakin badakielako nafarrak min handia egiten duela aurreko aldean.
15-1ekoarekin sakea eskuratuta, Baikoko pilotariak lau tanto gehiago egin ditu (17-5), markagailuko zuloa nolabait murrizteko. Erreakzioak, baina, ez du jarraipenik izan, ordurako finalerdia oso maldan gora baitzuen Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak; are gehiago, aurrean Jokin Altuna txapelduna zuela jakinda. Altunak Buruz Buruko Txapelketako laugarren txapela irabaztea du helburu, 2018, 2021 eta 2024. urteetan ere berak eskuratu baitzuen.
Finalerdiak ezer gutxi gehiago eman du. Altuna 22 eta 9 gailendu da, eta finala jokatzeko lehen txartela lortu du. Horren aurkaria Iker Larrazabalek eta Iñaki Artolak igandean jokatuko duten bigarren finalerditik aterako da.
Finalerdiko tanto gutiak:
1-0, 2-0, 3-0, 4-0, 5-0, 6-0, 7-0, 8-0, 9-0, 10-0, 11-0, 12-0, 13-0, 14-0, 15-0, 15-1, 16-1, 17-1, 17-2, 17-3, 17-4, 17-5, 18-5, 18-6, 19-6, 19-7, 19-8, 20-8, 20-9, 21-9, 22-9.