Buruz Burukoa
2. FINALERDIA
Iñaki Artola izango da Jokin Altunaren aurkaria Buruz Buruko final handian
L. E. A. | EITB MEDIA
Alegiakoa 22-12 gailendu zaio Iker Larrazabali Gasteizen jokatutako finalerdian, eta Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko den finalerako sailkatu da.


Iñaki Artolak 2025eko Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko du, Jokin Altuna egungo txapeldunaren aurka, ekainaren 1ean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Alegiako pilotariak 22-12 garaitu du Iker Larrazabal Gasteizen jokatutako bigarren finalerdian.
Artolak beste aukera bat izango du, bigarrena, Buruz Buruko final bat jokatzeko. 2021. urtean sailkatzea lortu zuen, baina jokatzeari uko egin behar izan zion lesio baten ondorioz. Beñat Rezustak bete zuen orduan Iñaki Artolaren lekua Altunaren aurkako finalean.
Gaurko finalerdia, baina, ez du ondo hasi Artolak. Larrazabal 0 eta 4 aurreratu da, sake gaiztoak eginda. 2 eta 7 ere izan da aurretik Amurrioko pilotari gaztea, baina Artolak, pixkanaka-pixkanaka, lekua hartu du Ogetako kantxan, eta 7na berdindu ostean, aurretik jarri da markagailuan lehen aldiz (8-7).
Bi pilotariak oso lotuta aritu dira, eta gaizki emandako pilotakada asko ikusi dituzte Ogetan bildutako pilotazaleek. Hala ere, tantoak Artolaren alde jausten joan dira, eta gipuzkoarrak alde erosoa lortu du (16-11). Larrazabal fisikoki oso zigortuta zegoen ordurako, eta momenturik txarrenean falta egin du sakez, eta 17 eta 12koa oparitu dio aurkariari, neurketako une erabakigarrian.
Ondorengo tanto guztiak Iñaki Artolak egin ditu 22ra iritsi arte. Ondorioz, Alegiakoa izango da Jokin Altuna egungo txapeldunaren aurkaria ekainaren 1ean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko den finalean. Jokinek bere laugarren txapela nahi du Buruz Burukoan. Artolak irabaziko balu, bere ibilbideko lehen txapela litzateke. Opari ezin hobea ostegunean jaio zen alabatxoarentzat.
Partidako tanto guztiak:
0-1, 0-2, 0-3, 0-4, 1-4, 2-4, 2.5, 2-6, 2-7. 3-7, 4-7, 5-7, 6-7, 7-7, 8-7, 8-8, 8-9, 9-9, 10-9, 11-9, 12-9, 13-9, 14-9, 14-10, 14-11, 15-11, 16-11, 16-12, 17-12, 18-12, 19-12, 20-12, 21-12, 22-12.