Buruz Burukoa
Igandean
Jokin Altunak laugarren txapela nahi du Buruz Burukoan; Artolak, aldiz, bere lehenengoa
Agentziak | EITB MEDIA
Amezketakoa da faborito nagusia, azken zortzi finaletatik sei jokatu baititu. Artola, baina, sasoi betean dago, eta aurten Binakako finala ere jokatu du.
-
Altuna eta Artola lehen aldiz lehiatuko dira Buruz Buruko finalean. Irudia: EITB Media.
Jokin Altuna egungo Buruz Buruko txapelduna faborito nagusia da igandean Iñaki Artolaren aurka jokatuko duen final handiari begira.
Partida Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko dute, eta EITB Mediak jarraipen zabala egingo dio telebistan, irratietan zein webgunean.
Altunak (Amezketa, 29 urte) azken zortzi finaletatik sei jokatu ditu Buruz Buruko lehian, eta hamasei, orotara, bere ibilbide osoan, txapelketa handiei dagokienez (zortzi jokatu ditu Lau t'erdikoan eta bi Binakakoan). Azken hamarkadan, jaun eta jabe izan da pilotalekuetan.
Olaizola eta Irujo txapeldun handien fisikoa falta zaio Amezketako aurrelariari, baina teknika aldetik maisua da, kantxa bikain kontrolatzen du eta mentalki oso sendoa da. Hori guztia kontuan izanda, oso zaila da Aspeko pilotaria mendean hartzea.
Bere laugarren txapela irabaziz gero, Altunak Aimar Olaizola, Ruben Beloki eta Mariano Juaristi Atano III.a berdinduko lituzke Buruz Buruko palmaresean. Lau pilotari izango lituzke gainetik: Irujo (5 txapel), Juan Ignacio Retegi eta Hilario Azkarate (6 txapel) eta Julian Retegi (11 txapel).
Bestalde, Iñaki Artolak (Alegia, 30 urte) bere lehen final handia jokatuko du Buruz Burukoan, arazo fisikoengatik 2021. urtekoari uko egin ostean. Finalerdian zuntz haustura izan zuen eskuineko besoan, eta horrek finala jokatzea galarazi zion. Orduan ere, Jokin Altuna zuen Bizkaia pilotalekuan jokatu beharreko finalean zain.
Fisikoki indartsua da Artola, eta esperientzia ere badu. Horregatik lortu zuen orain bi hilabete Binakako finala jokatzera. Bere helburua ezustekoa ematea da, eta Altunak Banakakoan bi titulu jarraian ez irabaztea. Olaizolak lortu zuen azkenengoz marka hori, 2012 eta 2013. ekitaldietako txapelak kateatuz.
Material aukeraketa
Ostegunean egindako material aukeraketan, bi pilotariak gustura geratu ziren probatutako pilotekin. Altunak 104,5 eta 105 gramoko pilotak aukeratu zituen, eta Artolak, berriz, 104,7 eta 105,1 gramokoak.
Ohi legez, Buruz Buruko finala 17:00etan hasiko den pilota jaialdiko bigarren partida izango da. Atariko partidan, Jaka-Albisu eta Elordi-Martija bikoteak arituko dira nor baino nor gehiago. Pilota jaialdia eta finalaren osteko guztiak zuzenean jarraitzeko aukera izango da ETB1en 16:45ean hasiko den saio berezian.