Lau t'erdikoa
Lan saioa, Ogeta pilotalekuan
Oinatz Bengoetxea: 'Fisikoki oraindik nekatu egiten naiz'
Erredakzioa
Leitzako aurrelariak intentsitate handiko entrenamendua egin du Ogetan, baina oraindik fisikoki ez dagoela ehuneko ehunean azaldu du.
Oinatz Bengoetxeak igandeko final aurreko azkeneko lan saioa gogorra egin du Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Pilotari nafarrak "fisikoki oraindik nekatu" egiten dela onartu du, baina igandera "ehuneko ehunean heltzeko" denbora duela ere azpimarratu du.
Bengoetxea VI.ak entrenamendua "nahiko ongi" burutu duela esan du, baina pisuz jaitsi dela ere nabaritzen zaio. "Bai, pisuz pixkat jaitsi naiz, baina ez dago aitzakiarik", adierazi du leitzarrak. Bere helburua Aimar Olaizolaren aurkako finalean 2012ko Lau t’erdiko Txapelketan eman duen maila ematea izango da.
Leitzako aurrelariak Lau t’erdiko finala bigarrenez atzeratzea eskatu zuen iragan astean gastroenteritisak eta sukarrak jota egon baitzen. Azken orduko eragozpenik ez badago, finala abenduaren 16an jokatuko da.