Itxi

X-deportes_cuatro y medio-X

X-deportes_cuatro y medio-X

Lau t'erdikoa

Ogeta pilotalekua

Oinatz da Lau t'erdiko errege berria, final bikaina irabazita (22-21)

Agentziak | Erredakzioa

Leitzarra Jokin Altuna handi bat gailendu zaio eta, horri esker, hiru txapelketa handiak irabazi dituen zazpigarren pilotaria da.

1:45

Oinatz Bengoetxeak irabazi du Lau t’erdiko txapelketako finala, Jokin Altunari 22 eta 21 gailenduta. Partida bikaina jokatu dute, eta hustu egin dira bi pilotariak Gasteizko pilotalekuan.

Asegarceko pilotariaren sakea izan da norgehiagokaren gakoa, zazpi tanto egin baititu sakez.

Garaipen honi esker, Oinatz hiru txapelketa handiak irabazten dituen zazpigarren pilotaria da: orain arte, Julian Retegi, Juan Martinez de Irujo, Fernando Arretxe, Aimar Olaizola, Abel Barriola eta Mikel Urrutikoetxea izan dira balentria hori lortu dituzten seiak.

Nafarrak aurrea hartu du markagailuan lehen tantoetan. Izan ere, Jokin Altunari asko kosta zaio neurketan sartzea, eta ez da batere eroso sentitu. Urrutitik jo behar izan du errestoa, eta horrek tantoak azkar egitea erraztu dio leitzarrari.

Oinatz 7-2 jarri denean etorri da amezketarraren erreakzioa. Pilotakada bikainak eman ditu, eta Bengoetxea bere lekutik atera du. 0 eta 7ko partzialari esker, Altunak emaitza irauli du.

Txapak eten du finaleko partzialik handiena (8-0ekoa, Oinatzen alde), eta Altuna, berriro ere, partidan sartu da, aireko jokoa landuz.

Neurketa 17-15 izan denean, Bengoetxeak berriro hartu du jokoaren kontrola eta bi pareta batekin amezketarraren bolada eten du.

18na

Finala 18na jarri da, eta erremate gurutzatu baten bidez Altuna berriro aurretik jarri da, norgehiagokaren azken txanpan.

Partidako tantorik luzeena Altunaren alde jausi da (18-20), gantxoz egindako erremate bati esker, biek azken hasperenera arte lehiatu ostean.

Oinatzek 21 tantoa egin du, sakez, eta garaipena berea izango zela zirudien, baina emozioak eta tentsioak azken segundora arte iraun du, Altunak beste berdinketa bat ezarri duelako markagailuan.

Azken tantoa, eta txapela, Oinatzek irabazi du, gipuzkoarraren erresto kaskar bat aprobetxatuta.

 

Finaleko tanto guztiak:

1-0, 2-0, 3-0, 4-0, 4-1, 5-1, 5-2, 6-2, 7-2, 7-3, 7-4, 7-5, 7-6, 7-7, 7-8, 7-9, 8-9, 9-9, 9-10, 9-11, 9-12, 10-12, 11-12, 12-12, 13-12, 14-12, 15-12, 16-12, 17-12, 17-13, 17-14, 17-15, 18-15, 18-16, 18-17, 18-18, 18-19, 18-20, 19-20, 20-20, 21-20, 21-21, 22-21.

strong>, 22-21.