Itxi

X-deportes_cuatro y medio-X

X-deportes_cuatro y medio-X

Lau t'erdikoa

22-17

Ezkurdiak jantzi du Lau t’erdikoaren txapela, Altunari finala irabazita

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Azken unera arte bizi izan da lehia Nafarroa Arena frontoiaren estreinaldi handian, 3.000 ikusle bildu dituen norgehiagoka parekatu batean. Azkenik, arbizuarra nagusitu da, 22-17 irabazita.

1:30
Joseba Ezkurdia. EFE

Joseba Ezkurdiak jantzi du aurtengo Lau t'erdiko Txapelketako txapela, Altunari finala 22-17 irabazi ondoren. 3.000 ikusle izan dira Nafarroa Arena frontoiak hartu duen lehen final handian.

57 minutu iraun izan du zaleen begietarako gozamena izan den norgehiagokak. Iazko txapeldunaren aurka gailendu da arbizuarra, erritmo eta bizitasunaz baliatuz, bost tanto sakez eta beste bost bi pareten bidez lortuta.

Altunak ezin hobeto ekin dio partidari, hasiera-hasieratik aurrea hartu baitu, sakez eginiko tanto zuzenak baliatuz eta 3-1eko errenta bere eginez.

Ezkurdiak, ordea, burua altxatu du 1-8ko partzial baten bidez, eta markagailua irauli du sakez bi tanto eta beste bi (horietako bat boleaz) bi paretak erabiliz eginez.

Pilotari nafarrak egundoko sasoia erakutsi du, eta, partida iraultzeaz gain, aldea handitu du, markagailuan 8-14koa ezarri arte. Altuna, ordea, ez da kikildu eta 15-14ko emaitza jarri du markagailuan, baina horren akatsak direla medio, Ezkurdiak sakez egindako laugarren tantoarekin, garaipena bideratu du (16-18).

Ezkurdiak huts egin du hurrengo tantoan, baina lau tanto egin ditu jarraian gero: bata bi paretak baliatuz, Altunaren bi hutsegiteri esker beste bi, eta azken tantoa, sakez, markagailuan 22-17ko jartzeko.

Irailaren 29an izan zen Nafarroa Arenaren estreinaldia, Mastersen finalarekin, baina igande honetakoa frontoi honek hartu duen lehen norgehiagoka handia izan da: 2018ko Lau t'erdiko Txapelketaren final handia.

Irabazlea txapelketa honetako pilotaririk erregularrena izan da, ez du partida bat bera ere galdu eta finalean ere argi erakutsi du urte osoko lana. Ondorioz, 2018ko Lau t'erdiko Txapelketako txapela eta urteko pilotaririk onenaren izendapena jaso ditu.