Itxi

X-deportes_cuatro y medio-X

X-deportes_cuatro y medio-X

Lau t'erdikoa

22-21

Jaka, finalerdietara Etxeberria tanto bakarragatik mendean hartu ostean

eitb.eus

Erik Jakak 22-21eko emaitzarekin lortu du garaipena Peio Etxeberriaren aurka Lau t'erdiko Txapelketako final-laurdenetako partidan.

1:34
Erik Jaka

Erik Jakak Lau t'erdiko Txapelketako finalerdietarako txartela eskuratu du final-laurdenetan Peio Etxeberria mendean hartuta (22-21), tanto bakarragatik. Buruz Buruko txapeldunak gogotik sufritu du garaipena lortzeko.

Lehen tantoa Peio Etxeberriak egin du (0-1), eta bi tantoko abantaila lortu duen arren (2-4), Erik Jakak ez dio alde egiten utzi (4-4). Ondoren, Etxeberriak zuloa ireki du (4-7), baina Jakak lehia berdindu (8-8) eta aurrea hartu du (10-8), nahiz eta Peiok azkar orekatu duen markagailua (10-10).

Hamarnako berdinketaren ostean, bi pilotarietako bat ere ez da gai izan parekotasuna hausteko, eta norgehiagoka oso estua joan da (11-11, 12-12, 13-13, 15-15 eta 16-16).

Partida txanpa erabakigarrian sartu da, eta orduan bereganatu du Peio Etxeberriak jokoaren agintea (16-18). Hala ere, Buruz Buruko txapeldunak ez du etsi, eta aurrea hartzea lortu du (19-18). Peio Etxeberriak, ordea, hurrengo tantoa egin du, lehia berriz ere parean geratu da (19-19).

Erik Jakak hogeigarren tantoa egin du (20-19), baita Etxeberriak ere (20-20). Ondoren, Jaka gantxoz saiatu da, eta pilotakada txapara joan zaio. Segidan, Buruz Buruko txapeldunak tanto bikaina egin du (21-21). Hartara, neurketa ezin orekatuago iritsi da amaierara, eta azken tantoa hil ala bizikoa izan da bi pilotarientzat. Bertan, Peio Etxeberriari txapara joan zaio bolea, eta Erik Jakak lortu du garaipena (22-21).