Itxi

X-deportes_cuatro y medio-X

X-deportes_cuatro y medio-X

Lau t'erdikoa

Finalerdiak

Altuna da 4 t'erdiko lehen finalista (12-22)

A. A. | EITB MEDIA

Amezketako aurrelaria Bengoetxea baino gehiago izan da, eta bosgarren aldiz jarraian sailkatu da txapelketako finalera.

1:29
Jokin Altuna

Jokin Altunak Oinatz Bengoetxea kanporatu du 2020ko Lau t’erdiko Txapelketako lehendabiziko finalerdian (12-22), eta, hartara, Amezketako aurrelaria da datorren astean Bilboko Bizkaia Frontoian jokatuko den finalera sailkatu den lehendabiziko pilotaria.

Sakea Bengoetxea VI.ari egokitu zaio, baina Altuna III.a izan da lehendabiziko tanto sorta egin duena (0-3). Dena den, aurrelari nafarrak berehala hartu dio neurria neurketari, eta 7 tanto lortu ditu erreskadan, markagailuan aurretik jartzeko (7-3). Leitzakoa eroso sentitzen zen kantxan eta erraztasunez bukatzen izan ditu tantoak.

Ondoren, Aspeko pilotariaren txanda heldu da, eta lehiako lehen oreka iritsi da (7-7). Tartean, 7-4koarekin, Bengoetxeak kolpe txar bat hartu du Altunaren sakeari erantzun nahian, min hartu du eskuineko eskuan eta aldageletara joan behar izan du. Dena den, 8-7 aurreratzea lortu du berriro. Hala ere, Amezketakoa jokoan sendoagoa zela zirudien, eta hiru tanto kateatu ditu 8 eta 10 aurretik jartzeko.

Jarraian, Bengoetxea tanto batera jarri da (9-10), baina irudipena besterik ez da izan, pilotari gipuzkoarra erakustaldia ematen hasi baita, eta erabat hautsi du norgehiagoka 10 tanto bata bestearen atzetik eginda, fisikoki eta jokoz gehiago zela baliatuta (9-20).

Tanto trukaketa etorri da ondoren, Bengoetxeari emaitza zertxobait txukuntzeko balio izan diona, baina Altunak ez du asko itxaron behar izan 22ra ailegatu eta final handirako sailkapena bereganatzeko (12-22).

Horrenbestez, Altuna bosgarren urtez segidan Lau t’erdiko finalean izango da, historian orain arte sekula lortu ez duena.

Bere aurkaria igande honetan Joseba Ezkurdiak eta Erik Jakak Astelena pilotalekuan jokatu behar duten bigarren finalerditik aterako da.

Partidako markagailua, tantoz tanto: 0-1, 0-2, 0-3, 1-3, 2-3, 3-3, 4-3,5-3, 6-3, 7-3, 7-4, 7-5, 7-6, 7-7, 8-7, 8-8, 8-9, 8-10, 9-10, 9-11, 9-12, 9-13, 9-14, 9-15, 9-16, 9-17, 9-18, 9-19, 9-20, 10-20, 11-20, 11-21, 12-21, 12-22.