Itxi

X-deportes_cuatro y medio-X

X-deportes_cuatro y medio-X

Lau t'erdikoa

Bilbon

Jokin Altuna txapeldun, Jakari aise nagusitu ostean (22-9)

L. E. A. | EITB MEDIA

Amezketarra jaun eta jabe izan da Bilbon jokatutako finalean. Erik Jaka, berriz, partidan sartu ezinda ibili da ia uneoro, nahiz eta 3 eta 0 aurreratu den hasieran.

1:46
Jokin Altuna

Jokin Altunak Lau t'erdiko bere bigarren txapela irabazi du Erik Jakari 22 eta 9 gailenduta, Bizkaia pilotalekuan jokatutako finalean. 

Ondorioz, amezketarrak errebantxa hartu du, duela hilabete Jakaren aurka Buruz Buruko finala galdu baitzuen ezustean eta aurreikuspen guztien aurka.

Lizartzakoa 3 eta 0 aurreratu da partidaren hasieran eta bazirudien partida Buruz Buruko finalaren ildo beretik joango zela, baina Altunak berehala irauli du markagailua eta azkenean argi eta garbi gailendu da.

Altunak bost tanto jarraian egin ditu eta 3 eta 5 jarri da aurretik. Jaka 4-5 gerturatu da, eta hortxe hasi da amezketarraren bakarrizketa kantxan: 13 tanto segidan egin ditu, bata bestearen atzetik, Jakak egoerari nola aurre egin asmatzen ez zuela aprobetxatuta. Horrela, Altuna 5 eta 18 aurreratu da hasperen batean.

Lizartzarrak, berriz, momentu oso gutxitan agertu du Buruz Burukoan erakutsitako bizkortasuna eta sasoia, eta lortu duenean, oso berandu izan da. Lau t'erdiko final honek ez du zerikusirik izan Buruz Burukoarekin. Beste Jokin Altuna bat ikusi dugu, eta beste Erik Jaka bat. Bederatzigarren tantora iristea lortu du lizartzarrak, baina ez du gehiagorako denborarik ezta aukerarik izan.

Jokin Altunak bere ibilbideko hirugarren txapela handia irabazi du, 2017ko Lau t'erdikoaren eta 2018ko Buruz Burukoaren ostean.

Partidako tanto guztiak

1-0, 2-0, 3-0, 3-1, 3-2, 3-3, 3-4, 3-5, 4-5, 5-5, 5-6, 5-7, 5-8, 5-9, 5-10, 5-11, 5-12, 5-13, 5-14, 5-15, 5-16, 5-17, 5-18, 6-18, 7-18, 7-19, 8-19, 9-19, 9-20, 9-21, 9-22.