Itxi

X-deportes_cuatro y medio-X

X-deportes_cuatro y medio-X

Lau t'erdikoa

2. finalerdia

Jokin Altuna izango da Lasoren aurkaria finalean, Ezkurdiaren aurka erakustaldia emanda (22-10)

L. E. A. | EITB MEDIA

Altuna Arbizukoari 12 tantogatik gailendu zaio Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatutako finalerdi bizian.

1:28
Jokin Altuna

Jokin Altunak bere ibilbideko seigarren finala jokatuko du Lau t'erdiko txapelketan, Joseba Ezkurdia bigarren finalerdian 22 eta 10 mendean hartu ostean. Unai Laso izango du aurkari azaroaren 14n Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko den final handian.

Finalerdietaraino egindako ibilbidean zenbait zalantza sortu dituen arren, Altuna egungo txapeldunak mamu guztiak uxatu ditu eta partida ikusgarria jokatu du, Ezkurdia kantxako alde batetik bestera mugituz eta jokoa goitik behera kontrolatuz.

Hala ere, Arbizuko pilotariak bikain hasi du finalerdia, tantoak ausardiaz eta indarrez bukatuz. Baina hirunakoaren ostean, gauzak erabat aldatu dira. Altunak bere lekua aurkitu du Ogetako kantxan eta partida hautsi du 7 eta 0eko partziala eginez. Bi pilotariek ikuskizun ederra eman dute, tanto landu, eder eta azkarrekin. Bukaerako markagailuko aldeak, 12 tanto, Altunaren nagusitasuna argi uzten du, baina ez luke tanto askotan izandako lehia estua ezkutatu behar.

Ezkurdiari asko kostatu zaio sakea berreskuratzea, eta lortu duen apurretan ez da sakeari eusteko gai izan, ezta Altunaren erritmoa hausteko ere. Aurrekoa asteetan ez bezala, betiko Altuna ikusi dugu gaur, kaiolako bere hirugarren txapela irabazteko aukera handiak dituela argi utziz.

Azaroaren 14koa Lau t'erdiko seigarren finala izango da Amezketako pilotariarentzat, eta Unai Lasoren lehena. Nafarrak Peio Etxeberria kanporatu zuen larunbateko lehen finalerdian, 22-8.

Partidako tanto guztiak:

0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 2-3, 3-3, 4-3, 5-3, 6-3, 7-3, 8-3, 9-3, 9-4, 10-4, 11,-4, 12-4, 13-4, 13-5, 14-5, 14-6, 15-6, 16-6, 17-6, 18-6, 19-6, 20-6, 20-7, 20-8, 21-8, 21-9, 21-10, 22-10.