Itxi

X-deportes_cuatro y medio-X

X-deportes_cuatro y medio-X

Lau t'erdikoa

Zuzenean, eitb.eus eta ETB1en

Ezkurdia eta Altuna III.a, Lau t'erdiko txapelaren bila

A. B. E. | EITB Media

Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak jokatuko dute Lau t'erdiko Txapelketako finala igande honetan, azaroaren 20an, Bizkaia frontoian. Final handia zuzenean eskainiko dute eitb.eus-ek eta ETB1ek, 16:40etik aurrera.

  • Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia

    Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia, finalerako aukeratutako pilotekin. Argazkia: EITB Media

Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak jokatuko dute Lau t'erdiko Txapelketako finala igande honetan, azaroaren 20an, Bilboko Bizkaia frontoian. Jaialdia eta final handia zuzenean eskainiko dituzte eitb.eus-ek eta ETB1ek, 16:40ean hasita.

Aurtengo txapelketa gorabeheratsua izan da titulua lortzeko lehian ibiliko diren bi pilotarientzat. Ezkurdiak porrotarekin ekin zion final-laurdenetako ligaxkari, lehen jardunaldian Elordiren aurka galduta (17-22). Bestalde, Altunak irabazi egin zion Peña II.ari (16-22) final-laurdenetako ligaxkako lehen partida, baina Peñak txapelketa utzi behar izan zuen lesio baten ondorioz, eta haren aurkako neurketa guztiak baliogabetu egin ziren. Bigarren jardunaldian, Ezkurdia nagusi izan zen Elezkano II.aren kontra (22-12) eta Altuna galtzaile atera zen Peio Etxeberriaren aurkako lehiatik (15-22). Biak ala biak irabazteko beharrekin heldu ziren hirugarren eta azken jardunaldira, eta ez zuten huts egin; Josebak garaipena erdietsi zuen Lasoren aurka (11-22) eta Jokin aise gailendu zitzaion Dariori (22-3).

Finalerdietan, Joseba Ezkurdia nagusi izan zen Peio Etxeberriaren aurka (22-14) eta Jokin Altunak mendean hartu zuen Aitor Elordi (7-22).

Lau t'erdian duten palmaresa

Jokin Altuna da azken bi urteetako Lau t'erdiko txapelduna. Amezketakoak Lasori irabazi zion finala (22-20) 2021ean eta nagusi izan zen Jakaren kontrako (22-9) 2022ko finalean. Gainera, beste txapel bat ere badu Altunak; 2017an Urrutikoetxearen aurka lortutakoa (22-21). Hala ere, gipuzkoarrak beste hiru final jokatu ditu, eta horietan galtzaile izan da: 2016an galdu egin zuen finala Bengoetxearen kontra (22-21), eta Ezkurdiak mendean hartu zuen 2018 eta 2019 urteetan, 22-17 eta 22-16ko emaitzekin hurrenez hurren.

Joseba Ezkurdiak, aldiz, bi final jokatu ditu Lau t'erdian eta bietan txapeldun izan da. Gainera, Arbizukoak 'kaiolan' jantzi dituen bi txapelak finalak Jokin Altunari irabazita lortu ditu. 2018ko finalean Ezkurdia nagusi izan zen Altuna III.aren aurka (22-17) eta urtebete beranduago, 2019an, Nafarroakoa gailendu zitzaion Gipuzkoakoari (22-16).