Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

1. jardunaldia

Ibarrolak eta Gamindek, binakakoan, eta Aldaik, lau t’erdikoan, irabazita ekin diote "Plazandreak" saioari

EITB MEDIA

Txapelketako 2025eko ekitaldiko lehenengo jardunaldian, Aizane Ibarrolak eta Enara Gamindek Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergara menderatu dituzte, 12-22, eta Amaia Aldai Miriam Arrillaga egungo txapeldunari gailendu zaio, 18-16.

1:20

Aizane Ibarrolak eta Enara Gamindek Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergara menderatu dituzte, 12-22, binakakoan, eta Amaia Aldai Miriam Arrillagari gailendu zaio, 18-16, lau t'erdikoan, 2025eko "Plazandreak" saioko ligaxkako lehenengo jardunaldian, astelehenean, Esperantza pilotalekuan, Bilbon. Hala, Ibarrola-Gaminde bikoteak eta Aldaik berak, aurreneko urratsa eman dute txapelketako finaletarako bidean; finalak uztailaren 21ean jokatuko dituzte, baina ligaxkari, oraindik, beste hiru jardunaldi gelditzen zaizkio.

Testuinguru horretan, binakako partidan (horrek eman dio hasiera "Plazandreak" saioko laugarren ekitaldiari), Ibarrolak eta Gamindek eskuratu dute garaipena, eta gakoa izan da oso indartsu hasi dutela norgehiagoka; izan ere, Uharteko aurrelaria eta Laukizeko atzelaria 0-11 aurreratu dira, eta horrek guztiz baldintzatu du neurketa. Bigarren zatian, Arrizabalaga eta Bergara hobeto aritu dira, sentsazioak berreskuratuta; Gernika-Lumoko aurrelaria eta Tuterako atzelaria zortzi tantora ere jarri dira, 7-15ekoan, baina ezin izan dute gehiago estutu, eta Aizane Ibarrolak eta Enara Gamindek poltsikoratu dute garaipena.

1:07

Lau t'erdian, Amaia Aldaik Miriam Arrillaga "Plazandreak" saioko egungo txapelduna hartu du mendean, partida bikain batean. Lehenengo tantoetan, parean ibili dira biak ala biak, baina gerora Arrillagak hartu du aurrea, eta 5-10ekoa ipini du markagailuan. Hor iritsi da Aldairen erantzuna; izan ere, dimoztarrak, ia jarraian, zortzi tanto lortu ditu bata bestearen atzean, 8-11tik 16-11raino igaro arte. Ematen zuen Aldaik ia-ia eginda zuela, baina Aginagako pilotaria oso ondo suspertu da; hain zuzen ere, tanto bakar batera hurbildu da, 17-16koan. Azken tantoa oso gogorra izan da, eta ondo baino hobeto erakutsi du horrek partida bera ere nolakoa izan den.

Datorren astelehenean, 2025eko "Plazandreak" saioko bigarren jardunaldian, Zabaletak eta Mendizabalek Arraiza eta Capellan izango dituzte aurkari, binakakoan, eta, lau t'erdikoari dagokionez, Etxegarai eta Erasun arituko dira nor baino nor gehiago.