Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

''Plazandreak''

Zabaletak eta Mendizabalek eta Erasunek garaipena eskuratu dute "Plazandreak" saioko bigarren jardunaldian

EITB

Binaka, Goiuri Zabaletak eta Nora Mendizabalek Miriam Arraiza eta Andrea Capellan menderatu dituzte, 22-14; lau t’erdian, Itxaso Erasun Madalen Etxegarairi gailendu zaio, 16-18.

  • Zabaleta-Mendizabal bikoteak eta Erasunek balio handiko garaipenak lortu dituzte (EITB).

    Zabaleta-Mendizabal bikoteak eta Erasunek balio handiko garaipenak lortu dituzte (EITB).

Goiuri Zabaletak eta Nora Mendizabalek Miriam Arraiza eta Andrea Capellan menderatu dituzte, 22-14, binaka, eta Itxaso Erasun Madalen Etxegarairi gailendu zaio, 16-18, lau t'erdian, 2025eko "Plazandreak" saioko ligaxkako bigarren jardunaldian, Esperantza pilotalekuan, Bilbon, astelehenean. Ondorioz, Zabaleta-Mendizabal bikoteak eta Erasunek aurreneko puntua lortu dute torneoko sailkapenean, jokatu duten lehenengo partidan.

Binakako partidan, hala, Zabaletak eta Mendizabalek eskuratu dute garaipena, 22-14. Aurrelari leitzarrak eta atzelari andoaindarrak hasiera bikaina eman diote norgehiagokari, lehenengo zazpi tantoak erdietsita, eta hori gakoa izan da. Arraiza eta Capellan, orduan, tantoak egiten hasi dira, eta estutu egin dute markagailua, 11-7koan; neurketako puntu horretan, Zabaletak eta Mendizabalek hiru tanto egin dituzte bara bestearen atzean, eta berriro ere zazpiko aldea jarri dute. Azken emaitzak, 22-14koak, ondo baino hobeto islatzen du zer ikusi dugun Esperantza frontoiaren kantxan, bikote irabazleak merezita poltsikoratu baitu garaipena.

Lau t'erdian, Itxaso Erasun atzelaria Madalen Etxegarai aurrelariari gailendu zaio, 16-18. Partidan emozioa, alde oso txikiak eta gozatzeko moduko tantoak izan dira, eta amaierara arte ez da batere argi izan zeinek eskuratuko zuen puntua. Norgehiagoka amaitzeko oso gutxi gelditzen zela, 16-16 zeuden, baina Erasunek asmatu du gehiago azken txanpan, eta puntua bereganatu du.

Datorren astelehenean, "Plazandreak" saioko hirugarren jardunaldian, Arrizabalaga eta Bergara behar duten garaipena lortzen saiatuko dira, Zabaleta eta Mendizabal aurkari, eta Aldai eta Etxegarai arituko dira nor baino nor gehiago lau t'erdian.