Pilota
Zesta
Sorozabal-Arai eta Urreisti-Basque Jai Alai Ligako final handirako sailkatu dira
EITB
2025eko Jai Alai Ligako aurreneko finalerdietan, Oihana Sorozabal eta Arai Lejardi hiru jokotan gailendu dira, 11-15, 15-12 eta 3-5, Ihart Arakistain eta Frida Watkinsen aurka, eta Eñaut Urreisti eta Arai Lejardi bi jokotan menderatu dituzte Johan Sorozabal eta Unai Lekerika, 11-15 eta 6-15.
-
Sorozabal-Arai eta Urreisti-Basque finalean dira. Argazkia: EITB.
Oihana Sorozabal eta Arai Lejardi, emakumezkoen txapelketan, eta Eñaut Urreisti eta Thibault Basque, gizonezkoetan, 2025eko Jai Alai Ligako final handirako sailkatu dira, Carmelo Balda pilotalekuan, Donostian, astelehenean; izan ere, txapelketako Lauko Finaleko lehen finalaurrekoetan, hurrenez hurren Ihart Arakistain eta Frida Watkins eta Johan Sorozabal eta Unai Lekerika menderatu dituzte. Hain zuzen ere, Sorozabal eta Arai hiru jokotan gailendu zaizkie Arakistaini eta Fridari, 11-15, 15-12 eta 3-5, eta Urreistik eta Basquek bi jokotan hartu dituzte mendean Johan eta Lekerika, 11-15 eta 6-15.
Hala, emakumezkoen txapelketan, Sorozabalek eta Araik eskuratu dute final handirako txartela, Arakistain eta Frida menderatuta, bizi-bizia eta oso parekatua izan den neurketan. Hirugarren jokoan zehaztu da zein bikotek jokatuko duen finala; izan ere, lehenengo jokoan, Biarritzeko aurrelaria eta Markina-Xemeingo atzelaria 11-15 gailendu dira, eta bigarrenean, ordea, Sopelako aurrelariak eta Zumaiako atzelariak erdietsi dute puntua, 15-12 irabazita. Hirugarren jokoan ere ibili dira parean, kontuan izanik hiruna ere izan direla; azkenean, Sorozabalek eta Araik bi tanto jarraian egin dituzte, eta garaipena lortu dute.
Gizonezkoen txapelketan, Urreistik eta Basquek partida bikaina jokatu dute, Johan eta Lekerika aurkari, eta, horrenbestez, Jai Alai Ligako final handian dira. Mutrikuko aurrelaria eta Bidarteko atzelaria 11-15 gailendu dira aurreneko jokoan, eta bigarrenean are hobeto aritu dira; 6-15 eskuratu dute bigarren joko hori, eta emaitzak argi uzten du zein ondo jokatu duten irabazleek. Eñaut Urreistik eta Thibault Basquek maila bikaina eman dute, eta merezita lortu garaipena.
Datorren astelehenean, Carmelo Baldan, Jai Alai Ligako bigarren finalerdiak jokatuko dituzte; finalean postu bat lortu nahirik, Elaia eta Maia eta Maite eta Maialen arituko dira nor baino nor gehiago, eta Erkiagak eta Gorkak Barandika eta Lopez egungo txapeldunak izango dituzte aurkari gisa.



