Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Zesta

Barandika-Lopez eta Elaia-Maia, Jai Alai Ligako txapeldunak

EITB Media

Elaiak eta Maiak hiru jokotan irabazi diete Sorozabali eta Arairi, 15-9, 13-15 eta 2-5, eta Barandikak eta Lopezek gauza bera egin dute Urreistiren eta Basqueren aurrean, baina bi jokotan, 15-6 eta 15-12.

1:57
Jai Alai Ligako txapeldunak Donostiako Carmelo Balda pilotalekuan. Irudia: Jai Alai News

Jendez lepo zegoen Donostiako Carmelo Balda pilotalekuan, Elaia Gogenolak eta Maia Goikoetxeak, emakumezkoen txapelketan, eta Xabi Barandikak eta Imanol Lopezek, gizonezkoetan, 2025eko Jai Alai Ligako finala irabazi dute, Oihana Sorozabal eta Arai Lejardi eta Eñaut Urreisti eta Thibault Basque mendean hartuta, hurrenez hurren. Elaiak eta Maiak hiru jokotan irabazi diete Oihanari eta Arairi, 15-9, 13-15 eta 2-5, eta Barandikak eta Lopezek gauza bera egin dute Urreistiren eta Basqueren aurrean, baina bi jokotan, 15-6 eta 15-12.

Gizonezkoetan, Xabi Barandika eta Imanol Lopez agintzen hasi dira finala (15-6). Aurrelari gernikarrak eta atzelari zumaiarrak oso bikote sendoa osatu dute lehen jokoan, eta nahiko erraz nagusitu zaizkieEñaut Urreisti eta Thibault Basqueri.

Bigarren jokoa pareatuagoa izan da, baina une erabakigarrian Barandikak eta Lopezek markagailua irauli eta txapela lortu dute (15-12). Bigarren urtez jarraian irabazi dute gernikarrak eta zumaiarrak Jai Alai Ligako finala.

Emakumeetan ez zen faborito argirik eta partida oso gorabeheratsua izan da. Tentsioa eta urduritasuna nabari izan dira huts ugariko norgehiagokan. Partida nahiko hotz hasi dute bi bikoteek, hanka-sartze dezente eginda. Jokaldirik aipagarrienak bi aurrelariek egin dituzte jokoaren lehen erdian, aurrena Elaiak hormabiko bikaina egin du, eta segidan Sorozabalek beste batekin erantzun dio.

Araik eta Sorozabalek sendo jokatzearekin nahikoa izan dute aurreneko jokoan aise nagusitzeko (15-9). Aurkarien huts nabarmenei esker azkar gailendu dira markagailuan. Elaia eta Maia partida orekatzen saiatu dira, baina lehen setean ezin izan dute lortu. Aparteko distirarik gabe, baina munduko atzelari txapeldunaren, Arairen, sendotasuna funtsezkoa izan da aurreneko jokoa poltsikoratzeko.

Nahiz eta bigarren jokoa ildo beretik hasi, bikote berriatuarraren gaizki ulertu nabarmen batekin, laster buelta eman diote eta 1-3 aurreratu dira markagailuan, norgehiagokan lehen aldiz. Hala ere, Sorozabalek eta Araik ez dute etsi, eta estu hartu dituzte berehala, eta markagailua orekatu (4-4), eta berriz aurrea hartu (6-4) dute. Jarraian tanto luzea jokatu dute bi bikote finalistek, eta Elaiak pilota txapara bidali du.

Lehenengo jokoan bezala, bigarrenean atsedenaldira aurretik joan dira atzelari markinarra eta aurrelari lapurtarra, baina alde txikiarekin (8-7). Jokoaren azken txanpan, baina, bikote berriatuarra sendoago aritu da, eta partida berdintzea lortu du (13-15). Hirugarren eta azken joko erabakigarrian, maldan gora jarri zaien partida guztiz iraultzea lortu dute bi gazte berriatuarrek (2-5).