Pilota
Zesta punta
Imanol Lopezek zesta punta utziko duela iragarri du, profesionaletan 23 urtez aritu eta gero
EITB
Atzelari zumaiarrak asteartean iragarri du erabakia, 2025-2026ko Eusko Label Winter Serieseko aurkezpenean. Lopezek 2003an egin zuen debuta profesionaletan, eta bere herrian jokatuko du azken txapelketa.
Imanol Lopezek erretiroa hartuko du zesta puntako pilotari gisa, asteartean iragarri duenez. Atzelari zumaiarrak Ibarrangelun eman du erabakiaren berri, Laga hondartzan, 2025-2026ko Eusko Label Winter Serieseko aurkezpenean; Lopezek, halaber, zehaztu du jaioterrian jokatuko duela azken txapelketa.
Puntista bezala, bederatzi urte zituela eman zituen aurreneko pilotakadak Lopezek (1984ko apirilaren 4an jaio zen). Profesionaletan, 2003ko uztailaren 7an egin zuen debuta, Gernikan; laster joan zen Estatu Batuetara, eta Miamiko eta Daniako pilotalekuetan ibili zen; 2015ean, Mexikon hasi zen jokatzen, eta, halaber, Euskadiko udako ligan ere parte hartu zuen. 2019an, Lopezek atzean utzi zuen Ameriketan egindako ibilbidea, eta Euskal Herrira bueltatu zen.
Palmares bikaina du gipuzkoarrak; besteak beste, zazpi aldiz izan da munduko txapeldun. Zesta puntako atzelaririk onenetakoa da, eta, elitean 23 urte eman eta gero, erabateko erreferente bilakatu da, hainbat eta hainbat pilotarirentzat.


