Pilota
1. JARDUNALDIA
Bi partida, Eusko Label Winter Series txapelketaren 5. denboraldiari ekiteko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Batetik, Johan-Gorka eta Goitia-Lekerika bikoteek jokatuko dute; bestetik, berriz, Goixerri-Manci eta Urreisti-Lopez arituko dira aurrez aurre. Bi neurketak izango dira ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.
-
Eusko Label Winter Series 2025-26
Astelehen honetan abiatuko da Eusko Label Winter Series zesta-punta txapelketaren bosgarren denboraldia, Gernikako Jai Alai frontoian, eta bi partida izango dira jokoan. B taldeko neurketa batekin hasiko da jardunaldia: Ekaitz Mendizabal "Goixerri" eta Mikel Mancisidor, Eñaut Urreistiren eta Imanol Lopezen aurka. Beste norgehiagokan, berriz, Johan eta Gorka Sorozabal Urrezko Eskularruaren egungo txapeldunak Alex Goitia eta Unai Lekerikaren kontra lehiatuko dira.
22:15etik aurrera, EITB Mediak bi hitzorduak emitituko ditu: ETB1en eta eitb.eus-en.
Txapelketan, hemazortzi jardunaldi jokatuko dituzte. Lehen hamarretan, urriaren 27tik abenduaren 29ra bitartean, astelehenero, final-laurdenetako ligaxka izango da; horretan, bikoteek hiruna partida jokatuko dituzte. Hori amaituta, urtarrilaren 2tik otsailaren 9ra bitartean, finalerdietako ligaxka izango da jokoan, sei jardunalditan, multzo bakarrean, eta, beste behin, sailkatutako bikoteek hiruna neurketa jokatuko dituzte; horietako bat izateko, beharrezkoa da eskuratzea multzoko lehenengo edo bigarren tokia, final-laurdenetako fasean. Finalerdietako ligaxkako bi bikote onenak izango dira finalean, otsailaren 15ean, igandez.


