Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Bigarren Maila

Beñat Rezustak jantzi du Bigarren Mailako Buruz Buruko txapela

Leire Etxazarra | eitb.com

Bergarako pilotariak aurreikuspenak bete ditu eta aise gainditu du Ibai Zabala 22-10 kolore bakarreko partidan.

1:25
Beñat Rezusta Txapelduna

Beñat Rezustak merezimendu osoz irabazi du Bigarren mailako Buruz Burukoaren finala. Bergarakoak sekulako partida egin du, eta jaun eta jabe izan da Beotibar pilotalekuan.

Partidak kolore bakarra izan du, urdina. Hasieratik hartu du aurrea gipuzkoarrak markagailuan; lehen tantoetan 5 eta 0 jarri da aurretik, sakez egindako joko erasokorraren ondorioz.

Ibai Zabalak, berriz, lan nahikoa izan du aurkariaren pilotakadei nola eta ahala erantzuten, eta oso atzetik jokatu behar izan du, Rezustari buruko minik sortu gabe.

Finala 10 eta 5ekoaren ondoren hautsi da. Aspeko pilotariak bederatzi tanto jarraian egin ditu, eta 19 eta 5 jarri da aurretik. Ondoren, partida etenda izan da minutu batzuetan, Rezusta aldageletara sartu baita atzamar batean min hartuta.

Lesioak, hala ere, ez dio jokatzen jarraitzea eragotzi. Azken tantoetan Zabalak emaitza zerbait apaintzea lortu du, baina egoerari buelta ematea ezinezkoa izan da. Berrizkoak ez du bere eguna izan.

Azkenean, 22 eta 10, merezitako garaipena Beñat Rezustarentzat, Datorren urtean, lehen mailako Buruz Burukoan izango da.

Partidako tanto guztiak:

0-1, 0-2, 0-3, 0-4, 0-5, 1-5, 2-5, 3-5, 3-6, 4-6, 4-7, 4-8, 4-9, 4-10, 5-10, 5-11, 5-12, 5-13, 5-14, 5-15, 5-16, 5-17, 5-18, 5-19, 6-19, 7-19, 8-19, 9-19, 10-19, 10-20, 10-21, 10-22.