Pilota
Txapelduna
Urrizak erremonteko Buruz buruko txapelketa lortu du, hirugarren aldiz
Erredakzioa
Galarretan jokatutako finalean, Utergari gailendu zaio, 30-20, eta iragarpena bete du, zeren faboritotzat jotzen zuten. Iruindarrak hasietarik kontrolatu du partida.
-
Javi Urrizak (eskuinaldean dago, EiTBren argazkian) Buruz burukoaren hiru txapela ditu, dagoeneko.
Javier Urrizak hirugarren aldiz irabazi du erremonteko Buruz buruko Txapelketa; Galarretan larunbat arratsaldean jokatutako finalean, 30-20 gailendu zaio Xanti Utergari. Finala, txapeldunak berak esan duenez, markagailuak dioena baino borrokatuagoa izan da; Urrizak, azken finean, egoera erabakigarrietan duen eskarmentua aprobetxatu du. Utergarentzat, hain zuzen, lehen finala zen.
Iruñeko pilotariak faboritotzat jotzen zuen iragarpena bete du, eta hasieratik kontrolatu du partida. 10-3koan zazpi tantoko aldea erdietsi du, baina gerora Utergak desabantaila murriztea lortu du (10-13 jarri da). Urrizak bederatzi tantoko aldea jarri du 25-16koan eta 27-18koan, eta, azkenean, 30-20 irabazi du.
Bi pilotari nafarrek aurreko ligaxkan ere jokatu zuten; Urrizak, finalean ere egin duen bezala, garaipena eskuratu zuen.