Pilota
EPAIA
Aspek 150.000 euro ordaindu beharko dizkio Xalari
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Gorenak berretsi egin du aurretik Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaia.
-
Xala Asperen elastikoarekin. Argazkia: EiTB
Auzitegi Nagusiko lan-arloko 4. salak berretsi egin du aurretik Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEAN) emandako epaia, zeinaren arabera Aspe enpresak 150.000 euro ordaindu behar dizkio Yves Salaberri 'Xala' pilotariari, enpresa horretako administratzaileak hari buruz egindako adierazpenengatik.
Epaian jasotzen denez, adierazpen horiek pilotariaren ohorerako eskubidea urratu zuten, eta epaiak urratze horretatik eratorritako kalte-galerak ordaintzera zigortzen du aipatu enpresa.
Hartara, Gorenak ez du onartu ez Aspek aurkeztutako helegitea, ezta jokalariak aurkeztutakoa ere, zeinetan 1,4 milioi euroko kalte-ordaina jasotzea eskatzen zuen.
EAEANek bere garaian eman zuen epaian iritzi zion enpresako administratzaileak gainditu egin zituela adierazpen-askatasunaren mugak honako adierazpen hauek egin zituenean: "Azkenaldian maila altuan ari da jokatzen, baina gainerakoan ez da hala gertatu. Pilotari batek ezin dezake bakarrik ondo jokatu bere kontratuaren amaiera iristen ari denean".
Gaineratu zuenez, horrek ohorerako eskubidea urratu zuen; izan ere, lan arloko lege urraketa larria egotzi zion, "izan zuen publizitateak are larriago bihurtu zuena, hori horrela zela ziurtatzeko daturik izan gabe".