Pilota
Irristakor zegoen
Astelenako Masters Caixabank jaialdia bertan behera, zoruaren egoeragatik
eitb.eus
Pilotariek zailtasunak zituzten partidan zehar zutik egoteko, eta jardunaldiko lehia nagusia jokatzen ari zirela jaialdia etetea erabaki dute.
Hiru hilabete eta erdiko etenaldiaren ostean, Masters Caixabank txapelketaren barruan Eibarren (Gipuzkoa) antolatu duten lehen euskal pilota jaialdia bertan behera utzi behar izan dute, Astelena pilotalekuko kantxaren egoera txarragatik.
Programatutako hiru partidetatik lehena itxuraz arazorik gabe jokatu ondoren, bigarrenean, antolatzaileek bertan behera utzi dute neurketa, pilotariek oreka mantentzeko zituzten zailtasunak ikusita. Une horretan, Ezkurdia-Aranguren eta Altuna III.a-Imaz ari ziren aurrez aurre (5-2), baina Imazek irrist egin du behin eta berriro. Baiko etxeko atzelariak oinetakoak aldatu arren, behar bezala jokatu ezinda jarraitu du.
Itxura denez, hezetasunak kantxa irristakor egotea eragin du. Hala ere, Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialaren arabera, baliteke koronabirusari aurre egiteko protokoloaren barruan kantxa desinfektatzeko erabilitako produktuak ere zerikusirik izatea gertatutakoarekin.
Eskuzko Pilota Enpresen Ligak oharra argitaratu du gerora, Masters Caixabankeko lehen jardunaldiko partida "jokatu gabe" balego bezala hartuko dutela jakinarazteko; hortaz, hasiera-hasieratik jokatuko da berriro datozen egunetan zehaztuko duten egunean eta tokian.
Segurtasun-protokoloa
Joan den astean alarma-egoera indargabe geratu zenetik, Euskadin publikoarekin egin den edozein kiroletako maila profesionaleko lehen partida izan da Eibarkoa.
300 pilotazale inguru bildu dira Astelenako harmailetan (bere edukieraren laurden bat), eta Euskal Autonomia Erkidegoan edukierari buruz ezarri den araudi berria aplikatu dute bertan (harmailetan gehienez ere eserlekuen % 60 egon daitezke beteta).
BIDEOA: Segurtasun-protokolo berezia Eibarko Astelena frontoian
Erabili ezin ziren aulkiak zinten bidez prezintatuta zeuden, eta bertaratutakoek protokolo zorrotza bete behar izan dute, bai sartzeko garaian, bai barruan zeudela: besteak beste, euren sarreretan agertzen zen eserlekuan eseri behar izan dute, eta maskarak jantzita izan behar izan dituzte une oro, pilotalekuko tabernan edariak hartzeko unean salbu.