Pilota
Larunbatean, Gernikan
Emakumezko puntistak, lehen aldiz zestako jaialdi profesional batean
A. A. | EITB Media
Munduko Txapelketako errebantxa jokatuko dute Maite Ortiz de Mendibilek eta Eneritz Lizardik osatutako bikoteak Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabalen aurka, Gernikako Gabonetako Openean. Jaialdia ETB1en eta eitb.eus-en ikusi ahal izango da, 22:00etik aurrera.
Zesta-puntako jaialdi profesional batean emakumezkoen partida bat ikusteko aukera izango da estreinakoz larunbat honetan, Gernikan, bertako Gabonetako Openaren barruan. Jaialdia 18:00etatik aurrera jokatuko da, eta ETB1en eta eitb.eus-en ikusteko aukera egongo da 22:00etatik aurrera.
Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarra (Zumaiako Pilota Elkartea), Eneritz Lizardi mutrikuarra (Danok Bat), Ihart Arakistain sopeloztarra (Berriatua Zesta Eskola) eta Maialen Aldazabal berriatuarra (Berriatua Zesta Eskola) arituko dira bertan, urrian Iscarren eta Valleladon (Gaztela eta Leon, Espainia) jokatu zen Munduko Txapelketako finalean jardun zuten lau jokalariak, hain zuzen ere.
Lehenak dira munduko txapeldunak, eta aurkariak, aldiz, azpitxapeldun geratu zirenak. Bien arteko lehia berri honek badu desberdintasun nabarmen bat: orduko hartan 36 metroko frontoian jokatu bazuten, oraingoan 57 metro luze den frontoian neurtuko dituzte indarrak.
Erkiaga-Lekerika vs Goikoetxea-Lopez, desafioa
Lehendabiziko neurketa horren ostean, jaialdiko lehia nagusia izango da Erkiaga-Lekerika eta Goikoetxea-Lopez bikoteen arteko desafioa, alegia. Erkiagak eta Lekerikak etxean jokatuko dute, eta pilota bizia aurkitzen badute, estu jarri diezazkiekete gauzak bi zumaiarrei.