Pilota
FABORITOEN NAGUSITASUNA
Arrizabalagak eta Aldaik jokatuko dute Emakume Master Cupeko Lau t'erdiko finala
EITB MEDIA
Olatz Arrizabalagak erakustaldia eman du Gaminderen aurka (22-2) lehen finalerdian. Bigarrenean, Aldai aise nagusitu zaio Arrillagari (22-7). Horrenbestez, bi faboritoak egongo dira larunbateko finalean.
Olatz Arrizabalagak eta Amaia Aldaik jokatuko dute Emakume Master Cupeko Lau t'erdiko finala. Bi faboritoek iragarpenak bete dituzte, eta nagusitasunez gailendu dira finalerdietan. Arrizabalagak 22 eta 2 irabazi dio Gaminderi; Aldai, aldiz, 22 eta 7 gailendu zaio Arrillagari.
Lehenengo finalerdian, Olatz Arrizabalagak ez dio aukerarik eman Gaminderi. Partidaren hasieran, banakoa ikusi ahal izan da markagailuan, baina hortik aurrera, gernikarrak erakustaldia eman du. Bere sakearen laguntzarekin, zuloa zabaldu du markagailuan (17-1). Gaminde, erantzunik gabe, gaindituta agertu da uneoro. Laukizeko atzelariak beste tanto bat egiteko aukera izan du (17-2), baina Arrizabalagak sakea berriz hartu, eta partida sendotasunez itxi du (22-2).
Bigarren partida lehiatuagoa izatea espero zen, baina Amaia Aldai egungo txapeldunak, arazo handirik gabe gainditu du Miriam Arrillaga. Hasierako 8 eta 0eko partzialak bidea argitu dio Dimako pilotariari. Hortik aurrera, Arrillagak tantoak urratu dizkio Aldariri, eta markagailua estutu du (4-10). Hala ere, jarraikortasuna falta izan zaio, eta faboritoak tarteak handitu ditu, 22 eta 7ko emaitzarekin irabazi arte.
Final handia, hurrengo larunbatean izango da, hilak 11, Zornotzan. Bertan, momentuko bi pilotari onenek enegarrenez izango dute txapela jokoan.