Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

2. FINALERDIA

Durangoko Winter Serieseko finalerako bigarren txartela, Erika-Arai bikotearentzat

B. L. G. | EITB MEDIA

Jokoa atzean kargatuz gailendu ziren Markina-Xemeingoak, bi setetan (15-8, 15-4). Lehen setean, gehiago kostatu zitzaien gorriei aurrea hartzea; bigarrenean, berriz, hasieratik izan ziren nagusi.

0:37
Arai Lejardi eta Erika Mugartegi

Erika-Arai Markina-Xemeingo bikoteak jokatuko du Durangoko Winter Serieseko finala, bigarren finalerdian Helena Barrenetxea durangarra eta Eneritz Lizardi mutrikuarra bi setetan mendean hartuta. Partida osoan izan ziren nagusi gorriak, bigarren setean batez ere.

Durangoko Ezkurdi pilotalekuan sarrera guztiak saldu ziren, beste astelehen buruzuri batean, zesta-puntaren ikuskizunaz gozatzeko. Lehen setaren hastapena parekatua izan zen. Hasieran, 1-1 eta 2-2 berdindu zuten, eta gorriek agintea hartu bazuten ere, huts egindako pilotak tarteko, ez zuten alde handiegirik eskuratu. Are gehiago, atsedenaldi laburraren aurretik izandako alderik handiena 2 tantokoa izan zen, eta alde horrekin heldu ziren lehen hutsartera (8-6).

Joko guztia atzeko koadroetara bideratu zuten gorriek behin eta berriro, eta horren lekuko garbia izan ziren lehen setaren amaieran bikote urdinak lortutako zenbakiak: Eneritzek 52 pilotakada jo zituen; Helenak, berriz, 34. Bikote urdinak bi tanto baino ez zituen lortu gorriek seta erabakita utzi zutenerako (15-8). Hori bai, Helenak txokoan utzitako pilotakada dotore batekin erdietsi zuten 8. tantoa.

Bigarren setean, ezer gutxi egin ahal izan zuten Helenak eta Eneritzek Erika eta Arai gelditzeko. Sakea zutela, 4-0 aurreratu ziren gorriak. Urdinak erantzuten saiatu ziren, bi tanto nahiko jarraian eginda (5-2), baina ez zuten erreakzio sendorik lortu, eta 8-2 heldu ziren hutsartera. Aldageletatik bueltan, lehen tantoa urdinen aldekoa izan zen, 25 pilotakada eman eta gero; alabaina, gorriek geldiezin jarraitu zuten, eta tarte zabalarekin gailendu ziren (15-4). Ondorioz, Erika-Arai bikoteak jokatuko du martxoaren 13ko finala Maite eta Maialenen aurka.

Buruz burukoan, Erkiaga finalera

Winter Serieseko banakako lauko finaleko bigarren kanporaketari dagokionez, Erkiaga nagusitu zen Lopezen aurrean. Aurrelariak lehen seta nagusitasunez bereganatu zuen. Lopez ez zen eroso sentitu kantxan, eta Erkiagarena zen jokoaren kontrola. Nahiz eta hasierako tantoetan bi aldiz parean egon (1-1, 2-2), oso bestelako emaitzarekin heldu ziren lehen hutsartera, Erkiagaren alde (2-8). Itzuleran, Lopezek hobera egin zuen arren, ezin izan zuen ekidin lehen seta bizkaitarraren esku geratzea (8-15).

Bigarren setean, ostera, nabarmen orekatu ziren indarrak. Bost berdinketa egon ziren (2-2, 3-3, 4-4, 7-7, 8-8), eta Lopezek hiru tantoko abantaila izan zuen atsedenaldira heldu orduko (7-4). Aitzitik, 7 eta 5ekoarekin, Erkiagak hiru sake jarri zituen errebotean, eta aurretik iritsi zen geldialdira (7-8).

Bigarren zatian, Lopezi atzetik egotea egokitu zitzaion berriro, Ispasterkoarengandik gehiegi aldendu gabe izan bazen ere. Hartara, zumaiarrak ezin izan zuen bigarren seta eskuratu hirugarrena behartzeko (12-15), eta Barandikak eta Erkiagak neurtuko dituzte indarrak datorren asteleheneko finalean.