Pilota
Eusko Label Winter Series
Laduchek eta Mancik Urrutia eta Basque menderatu dituzte, hiru jokotan, eta urrezko hiru puntu lortu dituzte
EITB MEDIA
Ludovic Laduchek eta Mikel Mancik garaipena erdietsi dute, Eusko Label Winter Serieseko finalerdietako ligaxkan, Thomas Urrutia eta Thibault Basque aurkari (14-15, 15-12 eta 5-4), oso parekatua izan den norgehiagokan; tentsio handiko lehia izan da, jokoan asko baitzegoen.
-
Mikel Mancik eta Ludovic Laduchek garrantzi handiko garaipena erdietsi dute. Argazkia: EITB Media.
Ludovic Laduchek eta Mikel Mancik Thomas Urrutia eta Thibault Basque mendean hartu dituzte, hiru jokotan, 14-15, 15-12 eta 5-4, 2024-25eko Eusko Label Winter Serieseko finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldian, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, astelehenean. Hala, Laduchek eta Mancik hiru puntu dituzte ligaxkako sailkapenean, partida bat jokatuta, eta Urrutiak eta Basquek, bi neurketa jokatuta dituztela, puntu bat dute, hain zuzen ere astelehenean batutakoa.
Lehen jokoan emozio handia izan da, oso parekatuta joan baita; hain zuzen, Urrutiak eta Basquek tanto bakar batengatik eskuratu dute, 15-14. Donibane Garaziko aurrelariak eta Bidarteko atzelariak indartsuago ekin diote partidari, eta 7-4 ari ziren gailentzen, baina Laducheren eta Manciren erantzuna sendoa izan da: sei tanto jarraian eginda, 10-7 jarri dira aurretik, hiru tantoko aldea zutela. Jokoaren azken txanpan, Urrutiak eta Basquek gehiago asmatu dute, eta horrela erdietsi dute puntua, baina, egia esan, lau pilotariak ari ziren erakusten maila handia, akats gutxi eginda eta ondo jokatuta.
Aurreneko jokoan ere jazo denez, Urrutiak eta Basquek hobeto hasi dute bigarrenean, eta, zortzi tanto jokatuta, 6-2 ari ziren nagusitzen, baina Laduchek eta Mancik berehala berdindu dute, eta atsedenaldian aurretik zihoazen, 8-7. Getariako aurrelaria eta Mutrikuko atzelaria aurkariak baino txukunago moldatu dira jokoaren tanto erabakigarrietan, eta, 15-12 irabazita, hirugarren jokoa behartu dute.
Tentsio handia izan da hirugarren joko horretan; izan ere, bi puntu oso garrantzitsu zeuden jokoan. Bi bikoteak berdinduta iritsi dira, 4-4, azken tantora. Urrutiak zuen sakea, eta Basquek, tantoan zehar, saskian bote egin dion pilota bat jaso du; inpresioa hori izan da, argi. Tantoak jarraitu egin du, eta bidartearrak, horma-biko ederra eginda, amaiera eman dio, baina Zalantzen Txokoak Laducheri eta Manciri eman die garaipena, Thibault Basqueri saskian bote egin dion pilota horregatik. Erabakia zuzena izan da, nabarmen, eta Laduchek eta Mancik hiru puntu eskuratu dituzte.