Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Zesta punta

Erkiagak eta Ibarluzeak Urreisti eta Gorka menderatu dituzte, eta Eusko Label Winter Serieseko finalean dira

EITB MEDIA

Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak bi jokotan hartu dituzte mendean, 15-14 eta 15-8, Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal; finalerdietako ligaxkan jokatu dituzten bi partidetan zortzi puntu lortuta, matematikoki sailkatuta daude otsailaren 16ko final handirako.

1:00
Erkiaga

Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal menderatu dituzte, bi jokotan, 15-14 eta 15-8, 2024-25eko Eusko Label Winter Serieseko finalerdietako ligaxkako hirugarren jardunaldian, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, astelehenean. Hala, Erkiaga eta Ibarluzea otsailaren 16an izango den txapelketako final handirako sailkatu egin dira, matematikoki; izan ere, 2023-24ko Winter Series irabazi zuten Ispasterreko aurrelariak eta Markina-Xemeingo atzelariak zortzi puntu dituzte finalerdietako ligaxkan, bi partida jokatuta eta irabazita, eta, hala, nahiz eta oraindik beste norgehiagoka bat ere jokatu beharko duten, bermatuta dute finalean izatea. Urreistik eta Gorkak, ordea, ez dute punturik sailkapenean, baina beste bi neurketa jokatuko dituzte, eta aukera dute oraindik, beraz, finalerako sailkatzeko.

Erkiagak eta Ibarluzeak eskuratu dute aurreneko jokoa; 15-14koa izan da emaitza, eta ikusgarria izan da. Gernikako Jai Alaiko zaleek lau puntisten lanaz gozatzeko aukera izan dute, baina bereziki aipagarria izan da bi aurrelariek, alegia, Erkiagak eta Urreistik, izandako lehia. Biak ala biak aritu dira etengabe errematatzen, eta elkarri mina egiteko modua topatu nahirik, kantxaren gainean; horren ondorioz, lehenengo jokoa oso polita izan da, atzelariak ere oso ondo ibili baitira. Erkiagak eta Ibarluzeak bi tantoko desabantaila zuten azken txanpan, 14-12koan, baina hiru tanto egin dituzte jarraian, eta puntua erdietsi dute.

1:21

Bigarren jokoan, aurrenekoan ez bezala, bi bikoteetako batek, Erkiagak eta Ibarluzeak osaturikoak hain zuzen, oso argi izan du agintea. Urreistik eta Gorkak hasi dute hobeto jokoa, eta, zazpi tanto jokatuta, 5-2 ari ziren gailentzen, baina Ispasterreko aurrelariaren eta Markina-Xemeingo atzelariaren erantzuna oso sendoa izan da, zortzi tanto jarraian egin baitituzte, eta 10-5 jarri direlako aurretik. Partzial horrek garaipenetik gertu utzi ditu, eta, azkenean, 15-8 nagusitu dira; horrenbestez, otsailaren 16ko final handirako lehenengo txartela bereganatu du 2024an txapeldun irten zen bikoteak.