Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Kontratu berritzea

Unai Lasok Baikorekin berritu du 2030era arte

EITB Media

Nafarroako pilotariak hiru urtez luzatu du Baiko Pilota enpresarekin duen lotura.

0:19
Unai Laso

Unai Lasok kontratua berritu du Baiko Pilotarekin 2030era arte. Beraz, Nafarroako pilotariak Bizkaiko enpresari lotuta jarraituko du sei urte gehiagoz, kontratua hiru urtez berrituta. Hala, bada, Baiko Pilotak Lau t'erdiko egungo txapelduna blindatu du.

"Azken urte hauetan emaitza onak lortu ditut: sei final, bi txapel... Horren ondorioz, sei urteko kontratua sinatu dut, eta hori ez da askotan ikusten kirol munduan. Enpresari nire esker ona adierazi nahi diot. Orain arte bezala lan egin behar dut. Aupa!", adierazi du Unai Lasok kontratua berritu ostean, Baiko Pilotak argitaratutako bideo batean.

2024 handi batek kontratua berritzeko balio izan dio Lasori. Iaz Buruz Buruko txapeldunorde izan zen, baita Lau t'erdiko txapeldun ere. Bizkarreta-Gerendiaingoak 2023 oso gogorra izan zuen, ordea. Aldakako lesio batek frontoietatik aldendu zuen ia sei hilabetez, eta urte horren amaieran berragertu zen.

2024ko Lau t'erdiko tituluaz eta 2024ko Buruz Buruko txapeldunordea izateaz gain, Unai Lasok 2022ko Buruz Buruko Txapelketako txapela du bere palmaresean. Gainera, Binakako Txapelketako txapeldunordea izan zen 2022 eta 2023 urteetan. 2021ean Lau t'erdiko Txapelketako txapeldunordea izan zen.