Pilota
Eusko Label Winter Series
Erkiagak eta Ibarluzeak lehen kolpea jo dute, Laduche eta Manci aurkari, final handiaren entseguan
EITB MEDIA
Finalerako sailkatuta dauden bi bikoteak elkarren kontra aritu dira finalerdietako ligaxkan, eta Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak bi jokotan menderatu dituzte, 15-13 eta 15-6, Ludovic Laduche eta Mikel Manci. Norgehiagoka erabat aldatu da lehen jokoaren azken zatian.


Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak Ludovic Laduche eta Mikel Manci mendean hartu dituzte, bi jokotan, 15-13 eta 15-6, 2024-25eko Eusko Label Winter Serieseko finalerdietako ligaxkako bosgarren jardunaldian, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. Partida hori txapelketako final handiari begirako entsegua izan da; izan ere, kantxaratu diren bi bikoteak finalerako sailkatuta daude. Hortaz, Erkiagak eta Ibarluzeak eman dute lehen kolpea, txapelak jokoan izango diren norgehiagokaren entseguan.
Partidan, bi zati oso desberdin izan dira, eta lehenengo jokoan Erkiagak eta Ibarluzeak egin duten seigarren tantoak markatu du inflexio puntua; orduan, Ispasterreko aurrelaria eta Markina-Xemeingo atzelaria 6-11 ari ziren galtzen, baina, hortik aurrera, bost tanto jarraian egin dituzte, jokoa berdindu dute, aurretik jarri dira, eta lehenengo jokoa eskuratu dute; bigarren jokoan, irabazleek ez diete inolako aukerarik eman Getariako aurrelariari eta Mutrikuko atzelariari.
Ion Ibarluzeak ez dio partidari behar bezala heldu, hasieran, eta erremate bikainak egiten ari zen Laduchek eta Mikel Mancik ondo baino hobeto baliatu dute hori, 8-2 aurretik jarrita. Arestian esan bezala, Ibarluzeak bere burua egonkortuta eta Erkiagak ohiko maila ederrari eutsita, bi bizkaitarrek nabarmen egin dute gora. Hasieratik nagusitu dira bigarren jokoan, alde handiak lortuta (10-2, 12-4), eta ez dute oztoporik izan jokoa eta garaipena eskuratzeko.