Pilota
Pala
Iñaki Urrutiak buruz buruko lehen txapela eskuratu du Ibai Perez menderatuta
I. G. | EITB MEDIA
3-10, 10-6, 9-10, 10-8 eta 2-5 menderatu du Sestaoko palista oso final lehiatuan, eta lehen txapela bereganatu du banakakoan.


Iñaki Urrutia Banakako Pala Txapelketako txapeldun bihurtu da, ostiralean Ibai Perez 3-2 (3-10, 10-6, 9-10, 10-8 eta 2-5) garaitu baitu Bilboko Bizkaia Frontoian jokatutako finalean.
Urrutia aurkaria baino hobeto hasi da, Ibai norgehiagokako lehen pilotakadetan deskonektatuta egon baita, eta lehen setean jaun eta jabe izan da (3-10). Lehen seta azkar batean amaitu da Armintzakoaren alde, Perezen huts ugarien ondorioz.
Benetako finala bigarren setean hasi da. Perez bete-betean sartu da jokoan, frontoian zehar mugitu da eta jokoa parekatu du. Set ona jokatu dute biek, baina Perez nagusitu da 10-6, 4-1 zihoazela pala erditik hautsi zaion arren.
Sestaoko palistak markagailua irauli ostean, Urrutiak bere jokoan zentratuta jarraitu du, erritmoa bizitu du eta aurretik jarri da berriro, hirugarren set oso borrokatua irabazita (9-10).
Laugarren seta hil edo bizikoa izan da Perezentzat, eta estrategia aldatu du tantoak ziurtatu nahian. Urrutia, aldiz, guztiaren bila abiatu da, eta hainbat pilota bidali ditu errebotera. Dena den, azken tantoetan Urrutiak hiru pilota jarraian bota ditu gora, eta seta oparitu dio Perezi (10-8).
Azken set erabakigarrian, Urrutiak partida eta txapela bereganatu ditu (2-5).