Pilota
Zesta punta
Urreisti-Gorka vs Johan-Lopez, eta Barandika-Lekerika vs Erkiaga-Manci, Biscayne Cupeko finalerdietan
EITB MEDIA
Floridako Danian jokatuko duten txapelketa ostegunean hasiko da, egun horretan jokatuko baitute lehenengo finalaurrekoa, eta bigarren finalerdia ostiralean izango da. Final handia larunbatean jokatuko dute, eta EITBk zuzenean emango du, 22:45etik aurrera.


Danian, Floridan, jokatuko duten Biscayne Cupeko lehen ekitaldia ostegunean, ostiralean eta larunbatean izango da, alegia, hilaren 20tik 22ra bitartean; txapelketa master mailakoa da, eta Jai Alai Ligakoa. Bada, zehaztu egin dituzte zeintzuk izango diren bikoteak, eta finalerdietako partidak. Hain zuzen ere, osteguneko finalaurrekoan, Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal Johan Sorozabalen eta Imanol Lopezen aurka arituko dira, eta ostiralean, bigarren finalerdian, Xabi Barandikak eta Unai Lekerikak Aritz Erkiaga eta Mikel Manci izango dituzte aurkari. Bi jaialdiak goizaldeko 1:00ean hasiko dira, Euskal Herriko ordua kontuan izanik; hau da, ostegunetik ostiralerako eta ostiraletik larunbaterako goizaldeetan.
Finalaurrekoetan garaipena lortzen duten bi bikoteak final handian arituko dira nor baino nor gehiago, larunbatean. EITBk, eitb.eus-en eta ETB1en bidez, zuzenean emango du finala, Euskal Herriko 22:45etik aurrera.
Urreistik eta Gorkak Danian azken asteetan jokatu duten aurretiko txapelketan erdietsi dute Biscayne Cupen parte hartzeko txartela; gainerako sei zestalariei dagokienez, ordea, Biscayne Cup aurkeztu zutenean iragarri zuten nortzuk izango ziren. Aritz Erkiagak Eusko Label Winter Serieseko finala irabazi berri du, eta Mikel Mancik, berriz, txapeldunorde amaitu du azken txapelketa hori.