Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Banakako Series

Olharan eta Barandika Banakako Serieseko finalerdietarako sailkatu dira

EITB MEDIA

Final laurdenetan, hirugarren jokoan erabaki diren bi partidetan, Olharanek Laduche menderatu du, eta Barandika Urreistiri gailendu zaio. Hala, finalerdietan, Olharan Johanen aurka arituko da, eta Barandika, Erkiagaren kontra.

1:22

Jean Olharan eta Xabi Barandika 2025eko Banakako Serieseko finalerdietarako sailkatu dira, astelehenean, Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. Sailkatzea lortzeko, hurrenez hurren, Ludovic Laduche eta Eñaut Urreisti kanporatu dituzte; Olharanek hiru jokotan menderatu du Laduche, 12-5, 10-12 eta 5-0, eta Barandikak ere hiru joko behar izan ditu Urreisti txapelketatik at uzteko (11-12, 12-3, 5-3). Horrenbestez, finalerdietan, Barandikak Aritz Erkiaga izango du aurkari, datorren astelehenean, eta Olharanek, ordea, Johan Sorozabal egungo txapeldunaren kontra arituko da, martxoaren 17an.

Hala, 2025eko Banakako Serieseko lehenengo partidan, Jean Olharanek Ludovic Laduche kanporatu du, hirugarren jokoan argi nagusituta. Paueko aurrelaria nabarmen hobeto sartu da kanporaketara, eta aise eskuratu du aurreneko jokoa, 12-5. Bigarren setean, baina, Laduchek hobera egin du; getariarrak erritmo biziagoa jarri dio jokoari, eta sendoago ibili da, eta, ondorioz, norgehiagoka berdindu egin du, 12-10 garaituta. Arestian esan bezala, hirugarren jokoan oso nagusi izan da Olharan; partidako irabazleak ez du tantorik galdu horretan, eta 5-0 bereganatu du puntu erabakigarria.

Xabi Barandikak Erkiaga izango du aurkari, finalerdietan. Argazkia: Eraman!.

Xabi Barandikak Erkiaga izango du aurkari, finalerdietan. Argazkia: Eraman!.


Final laurdenetan Ezkurdin jokatutako bigarren neurketa ere erabaki da hirugarren jokoan, eta Xabi Barandikak irabazi du. Gernikarrak, hori bai, markagailua irauli behar izan du, Eñaut Urreistiren aurka, azken horrek irabazi baitu aurreneko seta, 12-11. Barandikak, partidak aurrera egin ahala, gero eta hobeto aritu da. Bigarren jokoan, oso nagusi izan da, eta 12-3 gainditu du Urreisti. Hirugarren jokoan, mutrikuarra 2-0 aurreratu da, baina ezin izan du alde hori baliatu, eta, azkenean, Barandikak erdietsi du finalerdietarako txartela.