Pilota
Pala
Palistek greban jarraituko dute, ez baitute akordiorik lortu Innpalarekin
EITB Media
Ez dago akordiorik palisten eta enpresaren artean, eta jokalariek grebari eutsiko diote lan-gatazka konpondu arte. Ondorioz, ez da jokatuko martxoaren 28rako aurreikusta zegoen Urrezko Pala Pro txapelketako 6. jardunaldia.
-
Palisten elkarrateratzea Mungian, martxoaren 21ean. Argazkia: EITB Media
Palista profesionalek greban jarraituko dute, ez baitute akordiorik lortu Innpala enpresarekin asteazken honetan, martxoaren 26an, egindako bileran. Beraz, ez da jokatuko Urrezko Pala Pro txapelketako 6. jardunaldia, martxoaren 28rako aurreikusita baitzegoen.
Innpalak ez du bermatu egun batzuk barru kontratuak amaitzen zaizkien palisten egoera konponduko dutenik; hau da, ez diete bermatu kontratua berrituko dietenik. Horixe da palistek greba bertan behera uzteko egiten duten eskaera nagusia. Adibidez, Ibai Perezen kontratua martxoaren 30ean amaituko da, eta enpresak ez du berritu nahi. Iker Gordoni apirilaren 1ean bukatuko zaio kontratua, eta Esteban Gaubekari apirilaren erdialdean amaituko zaio Innpalarekin duen lotura.
Palistek diotenez, Innpalak esan die ez diotela Ibai Perezi kontratua berrituko, eta jokalariek uste dute ez dagoela hori egiteko kirol arloko arrazoirik. Horrez gain, adierazi dute negoziatzeko prest daudela, baina ziurtatu dute elkarrekin eta bat eginda jarraituko dutela.
Innpalaren jabe-aldaketa
Otsailaren 28an, Innpalak jakinarazi zuen pala profesionala kudeatzeari utziko ziola eta ez zuela parte hartuko Bizkaia Pilotalekuaren hurrengo lizitazioan.
Aste batzuk geroago, martxoaren 18an, enpresak deitutako bileran, ordura arte Innpalaren jabea zen Jose Ramon Garaik palistei komunikatu zien Dan Necolek eta Josu Urkijok eskuratu zutela enpresaren partaidetza.
Martxoaren 20an, Innpalaren jabe berriak jokalariekin bildu ziren arren, ez zen akordiorik lortu eta palistek greba egin zuten martxoaren 21ean.