Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Zesta-punta

Iron Cup txapelketa apirilaren 25etik maiatzaren 30era artean jokatuko da, Bilboko Deportivoko pilotalekuan

EITB Media

Bilboko Deportivo pilotalekuak hartuko du Jai Alai Leagueko Iron Cup txapelketaren 2025eko edizioa. Emakumezkoen txapelketa maiatzaren 16an hasiko da, eta lau bikote lehiatuko dira; gizonezkoenean sei bikote ariko dira lehian, apirilaren 25ean hasita.

1:51
Iron Cup

Jai Alai Leagueko 2025eko Iron Cup txapelketa aurkeztu dute asteazken honetan, apirilaren 23an, Bilboko Deportivon. Txapelketa EITB Median izango duzu ikusgai, oso-osorik, eitb.eus-en eta ETBn.

Iron Cup txapelketa apirilaren 25ean hasi eta maiatzaren 30ean bukatuko da. Emakumezkoen zein gizonezkoen mailetako txapelketak jokatuko dira. Deportivok hartuko ditu norgehiagoka guztiak.

Gizonezkoen mailakoa Slam kategoriakoa izango da, eta sei bikote ariko dira lehian, bi multzotan banatuta. A multzoa Erkiaga-Gorka, Olharan-Lekerika eta Laduche-Del Rio bikoteek osatuko dute. B multzoan egongo dira: Goixerri-Lopez, Urreisti-Ibarluzea eta Barandika-Basque. Multzoetako bi onenak sailkatuko dira finalerdietara; A multzoko lehenak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta B multzoko lehen sailkatuak A multzoko bigarrenaren kontra. Finalerdietako irabazleak finalean lehiatuko dira elkarren kontra.

Ekaitz Mendizabal "Goixerri" aurrelari gipuzkoarra da gizonezkoen mailako txapelketak dakarren berritasun nagusia. Euskal Herriko hasiberrien txapelketetan dena irabazi ostean, 2019an Estatu Batuetan debutatu zuen (Dania Jai Alai) eta 25 urterekin, Miamiko Magic City pilotalekuko izarra da.

Ligaxkako fasea apirilaren 25etik maiatzaren 9ra artean, biak barne, jokatuko da; finalerdiak, maiatzaren 16an eta 23an; eta, finala, maiatzaren 30ean.

Bestalde, emakumezkoen mailako txapelketa Master Series kategoriakoa izango da, maiatzaren 16tik 30era artean jokatuko da, eta lau bikote hauexek ariko dira txapelak lortzeko lehian: Elaia-Frida, Helena-Maia, Ihart-Maialen eta Maite-Oaia.

Finalerdi eta final formatua izango du emakumezkoen Iron Cupak. Elaia-Frida vs Helena-Maia finalerdia maiatzaren 16an jokatuko da; bigarren finalerdian, maiatzaren 23an, Ihart-Maialen eta Maite-Oaia ariko dira nor baino nor gehiago. Finala maiatzaren 30ean jokatuko da.

2025eko Iron Cupeko partiden datak:

Apirilak 25, ostirala:

GOIXERRI-LOPEZ vs URREISTI-IBARLUZEA (B multzoa)

ERKIAGA-GORKA vs OLHARAN-LEKERIKA (A multzoa)

Maiatzak 2, ostirala:

GOIXERRI-LOPEZ vs BARANDIKA-BASQUE (B multzoa)

LADUCHE-DEL RIO vs 1. jardunaldiko irabazleak (A multzoa)

Maiatzak 9, ostirala:

BARANDIKA-BASQUE vs URREISTI-IBARLUZEA (B multzoa)

LADUCHE-DEL RIO vs 1. jardunaldiko galtzaileak (A multzoa)

Maiatzak 16, ostirala:

ELAIA-FRIDA vs HELENA-MAIA

GIZONEZKOEN 1. FINALERDIA

Maiatzak 23, ostirala:

IHART-MAIALEN vs MAITE-OAIA

GIZONEZKOEN 2. FINALERDIA

Maiatzak 30, ostirala:

FINALAK