Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Erremontea

Aldabek eta Barrenetxea IV.ak Ansa II.a eta Zubiri gainditu dituzte, 2025eko "Erremontari" saioaren hasieran

EITB MEDIA

Lekunberriko aurrelariak eta Hernaniko atzelariak lehen jokoa galdu dute (15-13), baina, bigarrenean (4-15), eta hirugarrenean (3-8), aurkariak baino hobeto ibili dira.

1:13
Erremontari

Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak Imanol Ansa eta Aritz Zubiri menderatu dituzte, hiru jokotan, 2025eko "Erremontari" saioko lehenengo jardunaldian, Galarretan, Hernanin, astelehenean, eta, horrenbestez, aurreneko hiru puntuak batu dituzte denboraldi honetako Sagardoaren Txapelketan. Lekunberriko aurrelariak eta Hernaniko atzelariak lehen jokoa galdu dute (15-13), baina, bigarrenean (4-15), eta hirugarrenean (3-8), aurkariak baino hobeto ibili dira; azken horiek, Ansa II.ak eta Zubirik, puntu bat eskuratu dute sailkapenerako.

Egunak Euskal Herriko hainbat eta hainbat puntu argindarrik gabe utzi duen itzalaldiak markatu du; izan ere, zalantzan izan da neurketa jokatuko zuten, baina, azkenean, Oriamendi 2010eko eta EITBko langileek egindako lan bikainari esker, jokatu egin ahal izan dute. Testuinguru horretan, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak (Oialume Zar sagardotegiaren ordezkariak dira, eta Iñaki Lekuona dute kapitain) oso ondo ekin diote partidari, eta, lehenengo jokoan, alde esanguratsuak erdietsi dituzte; 11-6koan, ematen zuen lehen joko hori ia erabakita zegoela, baina Ansa II.a eta Zubiri (urnietarrak eta goizuetarrak Aburuza sagardotegia ordezkatzen dute, eta Gorka Izagirre dute kapitain) suspertu egin dira, eta, 13na berdinduta, jokoaren azken bi tantoak egin dituzte, eta 15-13 gailendu dira.

Hala ere, Ansa II.ak eta Zubirik ezin izan diote erritmo horri eutsi, eta bigarren jokoan Aldabek eta Barrenetxeak ez diete aukerarik eman. Kemen Aldabe oso trebe ibili da erremate batzuetan, eta Endika Barrenetxeak, partida osoan, min handia egin du sakea baliatuta. Bigarren jokoa 4-15 amaitu da, eta horren isla argia izan da kantxan ikusitakoa, eta hirugarren jokoan ere hobeto aritu dira Aldabe eta Barrenetxea IV.a; azkenean, 3-8 bukatu da joko erabakigarria.

Ezkurra II.ak eta Juaneneak ere ekin diote txapelketari garaipena lortuta, Segurola eta Azpiroz aurkari, hiru jokotan

Jardunaldiko beste partidan, Bereziartuako Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak Alorreneako Beñat Segurola eta Xabi Azpiroz mendean hartu dituzte, hiru jokotan. Ezkurra II.ak eta Juaneneak lehenengo jokoa galdu dute, 15-12, baina bigarrenean 6-15 nagusitu dira; hirugarren jokoan, alegia, joko erabakigarrian, 5-8 gailendu zaizkie aurkariei.