Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Pala

Grebak bere horretan jarraitzea leporatu diote elkarri palistek eta Innpala enpresak

EITB MEDIA

Innpalak komunikatu bat argitaratu du, eta bertan ziurtatzen du azken hilabetean kontratua amaitu zaien hiru pilotariak berriro kontratatzea eskaini duela; palistek, ordea, berretsi dute euren lana "duintasunez" egiteko "gutxieneko baldintzak" eskatzen ari direla.

  • Greban dauden palista batzuk, artxiboko irudian. Argazkia: EITB Media.

    Greban dauden palista batzuk, artxiboko irudian. Argazkia: EITB Media.

Palista profesionalek eta Innpala enpresak komunikatu bana argitaratu dute, asteazkenean, eta elkarri leporatu diote pilotariek martxoaren 21etik indarrean duten grebak bere horretan jarraitzea. Zabaldutako idazkietan, Innpalak ziurtatu du azken hilabetean kontratua amaitu zaien hiru pilotariak, alegia, Ibai Perez, Iker Gordon eta Esteban Gaubeka, berriro kontratatzea eskaini duela; palistek, ordea, berretsi dute euren lana "duintasunez" egiteko "gutxieneko baldintzak" eskatzen ari direla, are gehiago, aspalditik dabiltzala hori eskatzen, eta negoziazioa "ez zela hasi berritu ez diren hiru kontraturengatik, eta hiru kontratu horiek ez direla negoziazio horren muina".

Innpalak eman du argitara aurreneko oharra. Testuan, enpresak adierazten du nola palista profesionalek, hasiera batean, "hainbat puntu" aldarrikatzen zituzten: "Kirol materiala, gutxieneko soldata, eta beste baldintza batzuk; horiek akordio proposamen batean jaso behar ziren, eta, tartean, greba deialdiaren mehatxua zegoen, baldintza horiek aintzat hartu ezean".

Innpalaren arabera, apirilaren 3an, hau da, Urrezko Pala Pro txapelketako bosgarren eta seigarren jardunaldiak bertan behera utzita eta pilotariak greban zeudela, palistekin batzarra egin zuen, eta, bilera horretan, "proposamen bat aurkeztu genuen, idatziz, eta bertan pilotarien aldarrikapen guztiak zeuden jasota". Une horretan, enpresaren esanetan, palistek "ez zuten proposamen hori eztabaidatu nahi izan, eta beste kontu bati eman zioten lehentasuna: alegia, kontratua amaituta edo amaitzear zuten lankideak berritzea". Arestian esan bezala, pilotari horiek Ibai Perez, Iker Gordon eta Esteban Gaubeka dira.

Testuinguru horretan, Innpalak zehaztu du nola, joan den astean, hilaren 23an, pilotarien hiru ordezkari izan ziren bilera batean, ez zuten akordiorik itxi; palisten ordezkariek, alabaina, "argi utzi zuten gauza bat: kontratua amaituta zuten hiru pilotariek berriro kontratatuz gero, segituan hasiko lirateke berriro jokatzen". Innpalako Zuzendaritzak, hala, bi egunen buruan, apirilaren 25ean, pilotari guztiak izan ziren beste batzar batean, eskaini zuen "hiru pilotari horiek kontratatzea, 2025eko abenduaren 31ra arte", bai eta "palisten eskarietako batzuk nola hobetu eztabaidatzea ere". Pilotariei eskatu zien, trukean, "jarritako salaketak kendu, greba segituan bertan behera utzi, eta kanpoko eragilerik gabe negoziatzen jarraitzea".

Pilotarien erantzuna izan zen "altxatu eta joatea, esan baitzuten iseka egiten ari gintzaizkiela", dio Innpalak: "Erabat harrituta gelditu ginen, euren aldarrikapenak onartzen genituelako; are gehiago, horiek hobetzen genituen, abenduaren 31ra arteko kontratua eskainita". Pilotariek, Innpalaren arabera, "ez zuten aurkeztutako puntuetako bat ere eztabaidatu nahi izan".

Palistek, azken bilera hori egin eta bost egunera, erabaki dute greban jarraitzea; izan ere, Innpalaren arabera, "haiek diote ez dela aintzat hartu euren aldarrikapenen muina". Enpresak, baina, bere buruari galdetzen dio zeintzuk diren aldarrikapen horiek, "bileraz bilera aldatzen baitira, eta gorabeherak baitituzte".

Palisten erantzuna

Innpalaren komunikatua jasota, pilotariek beste ohar bat argitaratu dute, enpresak emandakoari erantzuna emanda; zehazki, palistek adierazi dutenez, idazkiaren helburua izan da "hainbat puntu argitu eta gezurtatzea, puntu horietako asko larriki desitxuratzen ari direlako gatazka honetan benetan zer gertatu den".

Pilotariek, idazkian, baieztatu dute "ELA gure sindikaturik gabe" joan direla bi batzarrera, "Innpalak espresuki hala eskatuta". Palisten esanetan, gatazka "ez zen hasi hiru lankideri kontratua berritu ez izateagatik, baizik eta askoz ere sakonagoa den zerbaitengatik: alegia, lan baldintza duinen alde borrokatzearren". Aurrerago testuan, pilotariek azaldu dute zer eskatzen duten, zeintzuk diren euren eskaera "argi eta aldaketarik gabeak": "Egiten dugun lanaren exijentzia eta profesionaltasun mailarekin bat egin behar duen soldata duina; gure zeregina modu zuzenean egiteko kirol material egokia; eta, lesio edo istripu izatekotan, gutxieneko segurtasun-estaldura".

Diotenez, enpresarekin izandako bileretan, "benetako proposamenak egin beharrean, onartezinak diren eskakizunak inposatu dizkigute. Eskakizun asko, eta proposamen oso gutxi; hori izan zen negoziatzeko euren eredua", nabarmendu dute. "Bilera horietako batean, konpromisoa hartu genuen euren proposamena aztertzeko, nahiz eta proposamenean soilik aipatzen zen hiru lankideak berriro kontratatzea, eta ezer ez gure lan eskarien inguruan; bada, handik hamar minutura, enpresaren posta bat jaso genuen, eta esaten zitzaigun hurrengo asteartean partida jokatu behar genuela". Pilotarien iritziz, "zaila da ez ikustea, horretan, saiatu direla estutzea edo behartzea gu pilotalekuetara bueltatzea, akordiorik egin gabe ere".

"Oso argi nahi dugu utzi", adierazten dute pilotariek, "negoziazio hau ez zela hasi berritu ez diren hiru kontraturengatik, eta hori ez dela muina, nahiz eta hori dioten behin eta berriz, fokua desbideratzeko. Gure lanean duintasunez aritzeko gutxieneko baldintzak behar ditugula eskatzen dugu, eta hortik dator gatazka; denbora luzea daramagu hori eskatzen".  

Innpalak emakumezkoen txapelketa bat antolatu du, nabarmendu dute palistek, eta salatu egin dute hori: "Erabat errespetatu eta babesten dugu txapelketa hori; hala ere, gu greban gaudela emakumezko jokalariak kontratatzeak urratu egiten du grebarako gure oinarrizko eskubidea". Kirolarien ustez, enpresaren asmoa da, horren bidez, "baldintza duinak lortzeko borrokan dabiltzan langile gisa dugun posizioa ahultzea".

"Grebari eustea erabaki dugu, oinarrizko kontu horiei benetako konponbiderik ez zaielako eman; soilik horregatik, ez dago ezkutuko beste arrazoirik", adierazi dute palistek.