Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Erremontea

Aldabek eta Barrenetxea IV.ak eta Ansak eta Zubirik irabazi dute "Erremontari" saioko bigarren jardunaldian

EITB MEDIA

Hurrenez hurren, lau eta hiru puntu eskuratu dituzte. Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak Javi Urriza eta Iban Larrañaga menderatu dituzte (6-15 y 12-15), eta Imanol Ansa eta Aritz Zubiri Josetxo Ezkurrari eta Aritz Juaneneari gailendu zaizkie (10-15, 15-13 eta 8-3).

1:24

Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak Javi Urriza eta Iban Larrañaga menderatu dituzte, bi jokotan, 6-15 eta 12-15, eta Imanol Ansak eta Aritz Zubirik Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea mendean hartu dituzte, hiru jokotan, 10-15, 15-13 eta 8-3, 2025eko "Erremontari" saioko bigarren jardunaldian, Galarretan, Hernanin, astelehenean. Hala, Sagardoaren Txapelketako sailkapenerako, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak lau puntu eskuratu dituzte, eta, zazpi puntu dituztela, lehengo postuan dabiltza; Ansa II.ak eta Zubirik, aldiz, hiru puntu erdietsi dituzte, eta lau dituzte sailkapenean. Urrizak eta Larrañagak ez dute, oraingoz, punturik, eta Ezkurra II.ak eta Juaneneak, bat batuta, lau dauzkate.

Hala, bigarren jardunaldiko lehenengo partidan, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak (Oialume Zar sagardotegiko ordezkariak dira, eta Iñaki Leuona dute kapitain) nagusitasunez gainditu dituzte Petritegiko Urriza eta Larrañaga (horiek Aritz Altadill dute kapitain lanetan). Lekunberriko aurrelaria eta Hernaniko atzelaria bereziki lehen jokoan izan dira gehiago; Urrizak, azken astean, bizipen zaila izan du familian, eta, txapelketako bere lehen neurketan, ezin izan du erritmoa hartu. Bigarren jokoan, aldiz, hobeto aritu dira iruindarra eta azkoitiarra, eta berdintasuna askoz ere handiagoa izan da. Azkenean, une oso onean dabiltzan Aldabek eta Barrenetxea IV.ak garaipena poltsikoratu dute, eta sailkapeneko lehenengo postuan dabiltza.

0:30

Galarretan jokatu duten bigarren norgehiagokan, Aburuzako Ansa II.a eta Zubiri ez dira ondo hasi, baina suspertu egin dira, eta balio handiko garaipena erdietsi dute; izan ere, lortutako hiru puntuak zenbatuta, Bereziartuako Ezkurra II.ak eta Juaneneak beste dituzte, launa bi bikoteek. Patri Espinar kapitain, Doneztebeko aurrelaria eta Saldiaseko atzelaria nagusi izan dira lehen jokoan, 10-15, eta oso indartsu ekin diote bigarrenari; Ansa II.ak eta Zubirik, Gorka Izagirre kapitain izan dutela, erantzun oso ona eman dute gerora, baina. Hirugarren jokoan, Urnietako aurrelariak eta Goizuetako atzelariak aurkariek baino sendotasun handiagoa izan dute, eta garaipenak ez die ihes egin.