Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Erremontea

Urriza-Larrañaga eta Ezkurra II.a-Juanenea bikoteek launa puntu eskuratu dituzte, "Erremontari" saioan

EITB MEDIA

Txapelketako hirugarren jardunaldian, Javi Urrizak eta Iban Larrañagak Segurola eta Azpiroz menderatu dituzte, bi jokotan, 15-14 eta 15-13, eta Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea lider berriek Aldabe eta Barrenetxea IV.a gainditu dituzte, bi jokotan ere, 15-13 eta 15-12.

  • Urriza-Larrañaga eta Ezkurra II.a-Juanenea bikoteek garaipena eskuratu dute. Argazkiak: EITB Media.

    Urriza-Larrañaga eta Ezkurra II.a-Juanenea bikoteek garaipena eskuratu dute. Argazkiak: EITB Media.

Javi Urrizak eta Iban Larrañagak Beñat Segurola eta Xabi Azpiroz menderatu dituzte, bi jokotan, 15-14 eta 15-13, eta Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea hartu dituzte mendean, bi jokotan ere, 15-13 eta 15-12, 2025eko "Erremontari" saioko hirugarren jardunaldian, Galarretan, Hernanin, astelehenean. Hala, Urriza-Larrañaga eta Ezkurra II-Juanenea bikoteek launa puntu eskuratu dituzte, eta Segurola-Azpiroz eta Aldabe-Barrenetxea IV bikoteek, ordez, ez dute punturik erdietsi; Sagardoaren Txapelketako sailkapenean, Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea, zortzi puntu dituztela, lider dabiltza, Aldabe eta Barrenetxea IV.a bigarren postuan dira, zazpi puntu batuta, Urriza-Larrañaga eta Ansa II-Zubiri bikoteek launa puntu dituzte, eta Segurolak eta Azpirozek puntu bat daukate.  

Hala, Galarretan ikusi ditugun partidetako aurrenekoan, Urriza eta Larrañaga, Petritegi sagardotegiaren ordezkariak, Aritz Altadill kapitain lanetan, aurreko astelehenean baino hobeto aritu dira, eta, Aldabe-Barrenetxea IV bikotearen aurka erakutsitako maila hobetuta, garrantzi handiko garaipena eskuratu dute. Lehen jokoan, aurrelari iruindarra eta azkoitiar atzelaria tanto bakar batez gailendu dira, 15-14; bigarrenean, lau protagonistak aritu dira biziago, hobeto, eta, berriro ere, Urrizak eta Larrañagak lortu dute puntua, orain 15-13 nagusituta. Alorreneako Segurola eta Azpiroz, Igor Arruti kapitain lanetan, apur bat estu dabiltza txapelketan, jokatu dituzten bi partidetan puntu bakarra batu dutela kontuan izanik.

1:22

Bigarren neurketa kalitate handikoa izan da, eta, nahiz eta hori ere bi jokotan erabaki den, emozioa izan du. Bereziartuako Ezkurra II.a eta Juanenea, Patri Espinar kapitain dutela, gaizki hasi dira, eta, aurreneko jokoan, 1-6 ari ziren galtzen; izan ere, Barrenetxea IV.ak, beste behin ere, berretsi du maisua dela sakeak egiten. Doneztebeko aurrelaria eta Saldiaseko atzelaria, baina, suspertu egin dira, eta lehenengo jokoa poltsikoratu dute, 15-13. Bigarren jokoan berdintsu ibili dira, eta pilotariek joko ikusgarria egin dute. Aldabe eta Barrenetxea IV.a Oialume Zarreko ordezkariek ahal izan duten guztia egin dute, baina Ezkurra II.ak eta Juaneneak ez dute amore eman, eta 15-12 irabazi dute, azkenean.