Pilota
Erremontea
Urriza-Larrañaga eta Ansa II-Zubiri bikoteen garaipenek asko estutu dute "Erremontari" saioko sailkapena
Urrizak eta Larrañagak Ezkurra II.a eta Juanenea menderatu dituzte, eta Ansa II.ak eta Zubirik Segurola eta Azpiroz gainditu dituzte; ligaxka amaitzeko jardunaldi bat gelditzen dela, Urriza eta Larrañaga lider dabiltza, lau bikote puntu batekin daude, eta Segurolak eta Azpirozek ez dute aukerarik.
-
Urriza-Larrañaga eta Ansa II.a-Zubiri bikoteek garaipenak lortu dituzte. Argazkiak: EITB Media.
Javi Urrizak eta Iban Larrañagak Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea menderatu dituzte, bi jokotan, 15-10 eta 15-10, eta Imanol Ansak eta Aritz Zubirik Beñat Segurola eta Xabi Azpiroz hartu dituzte mendean, hiru jokotan, 15-8, 12-15 eta 8-3, 2025eko "Erremontari" saioko final-laurdenetako ligaxkako laugarren jardunaldian, Galarretan, Hernanin, astelehenean. Hala, Sagardoaren Txapelketako sailkapenean, Urriza eta Larrañaga lider dabiltza, zortzi puntu dituztela, Ezkurra II.ak eta Juaneneak ere zortzi dituzte, Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak zazpi puntu daramatzate, Ansa II.ak eta Zubirik beste, eta Segurola eta Azpiroz, bi puntu batuta, finalerako lehiatik kanpo gelditu dira, horretarako aukerarik ez baitute.
Hala, laugarren jardunaldiko lehenengo partidan, Petritegiren ordezkariak diren eta Aritz Altadill kapitain lanetan duten Urrizak eta Larrañagak lau puntu eskuratu dituzte, aurreko astelehenean ere egin zutenez, eta sailkapeneko aurreneko postura igo dira, orain arteko liderrak, alegia, Bereziartuako Ezkurra II.a eta Juanenea, menderatuta. Partida ederra izan da. Aurrelari iruindarrak eta atzelari azkoitiarrak argi utzi dute hobera egiten ari direla txapelketan, eta hainbat tanto ikusgarri izan dituen norgehiagoka poltsikoratu dute. Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak (Patri Espinar dute kapitain lanetan) amaitu egin dute ligaxkako euren ibilbidea, eta, beraz, datorren asteleheneko emaitzen zain izan beharko dira, jakiteko zein postu egokitzen zaien, finalerako bidean.
Bigarren neurketan, Abururako Ansa II.ak eta Zubirik (Gorka Izagirre daukate kapitain) hirugarren jokoan lortu dute garaipena, Alorreneako Segurola eta Azpiroz aurkari. Lehenengo jokoan, urnietarra eta goizuetarra gehiago izan dira, baina bigarrenean, Igor Arruti kapitain duten Segurolak eta Azpirozek erantzun oso ona eman dute, eta hirugarren jokoa behartu dute; horretan, baina, Ansa II.ak eta Zubirik gehiago asmatu dute, eta garaipena erdietsi.