Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Erremontea

Javi Urriza eta Iban Larrañaga "Erremontari" saioko final handirako sailkatu dira

EITB MEDIA

Txapelketako ligaxka amaituta, gainera, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak ziurtatu dute finalerdia jokatuko dutela. Kanporaketa horretan, Ezkurra II.a-Juanenea edo Ansa II.a-Zubiri izango dituzte aurkari; azken horiek play-offa izango dute jokoan, datorren asteartean.

  • Astez aste, nabarmen hobera egin dute Urrizak eta Larrañagak, txapelketan. Argazkia: EITB Media.

    Astez aste, nabarmen hobera egin dute Urrizak eta Larrañagak, txapelketan. Argazkia: EITB Media.

Javi Urriza eta Iban Larrañaga 2025eko "Erremontari" saioko final handirako sailkatu dira, Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak txapelketako finalerdia jokatuko dute, eta Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak eta Imanol Ansak eta Aritz Zubirik izango dute jokoan, play-offean, torneoko finalaurrekoko beste postua. Hori utzi du "Erremontari" saioko ligaxkako azken jardunaldiak, astelehenean; Hernaniko Galarretan, Urrizak eta Larrañagak Ansa II.a eta Zubiri menderatu dituzte, bi jokotan, 7-15 eta 14-15, eta Aldabek eta Barrenetxea IV.ak Beñat Segurola eta Xabi Azpiroz hartu dituzte mendean, bi jokotan ere, 8-15 eta 6-15.

Hala, Sagardoaren Txapelketako ligaxkako azken jardunaldiko aurreneko partidak, alegia, Petritegiko Urriza-Larrañaga eta Aburuzako Ansa II.a-Zubiri bikoteek jokatu duten neurketak, maila bikaina izan du. Aurrelari iruindarrak eta atzelari azkoitiarrak euren onena eman behar izan dute garaipena eskuratu eta finalerako txartela bermatzeko. Lehenengo jokoan, Urriza eta Larrañaga, Aritz Altadill kapitain lanetan, gehiago izan dira, nabarmen, baina bigarrenean, ordea, Gorka Izagirre kapitain duten Ansa II.ak eta Zubirik asko estutu dute irabazle irten den bikotea; izan ere, Imanol Ansa eta Aritz Zubiri 14-7 ari ziren irabazten, baina Urrizak eta Larrañagak erantzun ezin hobea eman dute; berdindu egin dute, lehenik, 0-7ko partziala eginda, eta, azken tantoan, jokoa poltsikoratu dute, bai eta finalerako sailkatzea ere.

Bigarren norgehiagokan, Alorreneako Segurolak eta Azpirozek, Igor Arruti kapitain, jakin bazekiten behar zutela bi jokotan irabazi eta aurkariek hamabort tanto baino gutxiago egitea, txapelketan jarraitzeko aukerari eusteko; hala ere, Oialume Zarreko Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, Iñaki Lekuona kapitain, erdietsi dute garaipena. Lekunberriarrak eta hernaniarrak, bi jokotan irabazita, bigarren postua lortu dute ligaxkan; Segurolak eta Azpirozek ahalegin handia egin duten arren, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak merezita irabazi dute.

Aldabek eta Barenetxea IV.ak finalaurrekoa jokatuko dute. Argazkia: EITB Media.

Aldabek eta Barenetxea IV.ak finalaurrekoa jokatuko dute. Argazkia: EITB Media.