Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Zesta-punta

AEBk, Mexikok eta Frantziak lortu dituzte Nazioen Ligako lehen puntuak

EITB MEDIA

Gizonezkoetan, AEBk eta Frantziak Mexiko eta Filipinak garaitu dituzte, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, mexikarrek ezustekoa eman dute Frantzia garaituta hirugarren jokoan.

  • Ludovic Laduche eta Jerome Portet

    Ludovic Laduche eta Jerome Portet

Ameriketako Estatu Batuek eta Mexikok eman zioten hasiera lehiaketari. Matthew Douglas Langhans eta Benjamin Maxwell Langhans, batetik, eta Marco Antonio Ochoa Lopez eta Mauricio Zapata Dagradi, bestetik. Mexikarrek ez zuten nahi bezala erantzun, eta estatubatuarrak 9-3 aurreratu ziren, batez ere aurkarien hutsei esker.

Ochoa aurrelariak jokoaren dinamika aldatu zuen jokoan sartzen zen bakoitzean. Hain zuzen ere, Langhans anaiak erregularragoak izan ziren partida guztian zehar. Hori bai, mexikarrek kalitate handiko jokaldiak egin zituzten, batez ere Ochoa aurrelariak errematean zein esku bakarraz pilotak sartuz. 2-2koa eta 12-9koa izan ziren luze eta politenak.

Azkenean, 15-9 egin zuten, eta estatubatuarrentzat izan zen lehen puntua (2-0).

Zale mexikarren animoek, baina, ez zuten etenik izan, emakumezkoak Frantziaren aurka aritu zirelako. Lehen partidan ez bezala, agintea izan zuten markagailuan. Oihana Sorozabal eta Romane Mercadie lehen tantoan bakarrik jarri ziren aurretik. Hortik aurrera, Tania Mayorga eta Maria Fernanda Ballesteros izan ziren nagusi.

Lehen jokoan bezala, hasiera parekatua izan zen, baina Mexiko aurretik izan zen, Frantziak 8-8koa jarri arte. Sorozabalek aurrean erantzukizuna hartu zuen, eta 8-1eko partziala egin zuen partida hirugarren jokora bidaltzeko: 15-9. Hirugarren setean (Nazioen Ligako lehena), Frantzia 6-3 aurreratu zen, baina Mexiko markagailua iraultzeko gai izan zen, 7-10 gailenduta.

Nazioen Ligako lehen jardunaldia ixteko, Frantzia eta Filipinak aurrez aurre izan ziren gizonezkoen A multzoan: Ludovic Laduche eta Jerome Portet, batetik, eta Robin Galgana Flores eta Daniel Eric Vega, bestetik.

Frantzia oso nagusi izan zen hasieratik. Filipinetako bikoteak Jai Alaiko harmailetatik animoak falta izan ez bazituen ere, lehen jokoan ez zuen lortu tantorik egitea. Laduchek aurreko koadroetatik dominatu zuen, eta pilota atzeratuz jaun eta jabe izan ziren: 15-0. Bigarrenean aukeraren bat gehiago izan bazuten ere, ez zuten zorterik izan tantoa amaitzeko orduan. Puntistak tokiz ere aldatu ziren, baina 15-3 egin zuten bigarren jokoan. Hori bai, Filipinetako bikotearen hiru tantoak eguneko tantorik txalotuenak izan ziren. 

Asteleheneko partidak:

18:30ean, Espainia-Mexiko (emakumezkoak)

20:30ean, inaugurazio ekitaldia

21:15ean, Euskal Selekzioa-Frantzia (emakumezkoak)

22:15ean, Euskal Selekzioa-Frantzia (gizonezkoak)