Pilota
Zesta punta
Euskadik garaipen bikoitza lortu du Frantziaren aurka, Jai Alaiko Nazioen Ligan, bere estreinaldi ofizialean
EITB MEDIA
Emakumezkoen txapelketan, Elaiak eta Maiak bi jokotan irabazi dute, 15-3 eta 15-2; gizonezkoetan, Erkiaga eta Lopez ere bi jokotan gailendu dira, 15-6 eta 15-11.
-
Euskadik bi garaipen lortuta ekin dio Jai Alaiko Nazioen Ligari. Argazkia: EITB Media.
Euskadik Frantzia menderatu du, bi jokotan, 15-3 eta 15-2, emakumezkoen selekzioen arteko partidan, eta bi jokotan ere, 15-6 eta 15-11, gizonezkoetan, Jai Alaiko Nazioen Ligan, Gernika-Lumon, astelehen gauean, historikoa izan den egun batean, kontuan izanik Euskadik aurrenekoz jokatu duela selekzio ofizial gisa. Hala, emakumezkoetan, Euskadik garaipen bat du, Mexikok eta Espainiak beste, final handirako bi txartelak jokoan dituen multzo bakarrean; gizonezkoetan, B multzoan, euskal selekzioak eta Frantziak garaipen bana dute, eta berdinduta dabiltza.
Testuinguru horretan, emakumezkoen selekzioen arteko neurketan, Euskadik Elaia Gogenola kantxaratu du aurrelari postuan, eta Maia Goikoetxea atzelari. Bi puntista bizkaitarrak oso nagusi izan dira, Oihana Sorozabal eta Xana Gonzalez aurkari; Frantziako selekzioko bikotea 0-2 aurreratu da, baina hortik aurrera Euskadik oso kontrolpean izan du partida. Elaia bikain aritu da errematean, eta Maia defentsan, bai lehenengo jokoan (15-3 amaitu da hori), baita bigarrenean ere (15-2ko emaitza izan da horretan).
Gizonezkoen selekzioen norgehiagokan, Aritz Erkiagak eta Imanol Lopezek jokatu dute Euskadin, eta bi jokotan gailendu dira horiek ere, 15-6 eta 15-11, Jon Tambourindeguyk eta Thibault Basquek osatutako Frantziako selekzioaren bikotearen aurka. Euskadiko selekzioa gehiago izan da, eta bere bi puntistek erregulartasun handiagoa izan dute. Erkiagak eta Tambourindeguyk tanto politak egin dituzte, bereziki ispastertarrak, eta, atzealdean, Lopezek Basquek baino gehiago asmatu du; hori bai, atzelari lapurtarrak ere eman ditu meritu handiko hainbat pilotakada.
Jai Alaiko Nazioen Ligako bigarren jardunaldi honetan, beste partida bat ere jokatu dute, eta horretan, emakumezkoetan, Espainiak Mexiko menderatu du, bi jokotan, 15-2 eta 15-7. Astearterako, hirugarren jardunaldian, iragarrita dago jokatuko dituztela partida hauek: gizonezkoetan, Espainia-Estatu Batuak (19:00etan), eta emakumezkoetan, Espainia-Frantzia (20:00etan), eta Euskadi-Mexiko (21:00etan).