Pilota
Play-offa
Ezkurra II.a eta Juanenea, ia ezinezkoa zirudien garaipena lortuta, "Erremontari" saioko finalerdian dira
EITB MEDIA
Finalerako txartela jokoan, Aldabe-Barrenetxea IV.a bikotea izango dute aurkari. Play-offean, Ansa II.ak eta Zubirik lehen jokoa irabazi dute, 15-10, eta bigarrenean 14-10 ari ziren gailentzen; Ezkurra II.ak eta Juaneneak hirugarren jokoa behartu dute, eta horretan oso nagusi izan dira (0-8).


Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea 2025eko "Erremontari" saioko finalerdirako sailkatu dira, asteartean, txanda horretako txartel bat jokoan zuen play-offean Imanol Ansa eta Aritz Zubiri mendean hartuta, Galarretan, Hernanin. Ezkurra II.ak eta Juaneneak haientzako ia ezinezkoa zirudien partida batean lortu dute sailkatzea; izan ere, Ansa II.ak eta Zubirik lehen jokoa irabazita zuten, 15-10, eta bigarrenean 14-10 ari ziren gailentzen; orduan, Ezkurra II.ak eta Juaneneak bost tanto jarraian egin dituzte, eta hirugarren jokoa behartu dute; azken horretan guztiz nagusi izan dira, eta 0-8 gailendu. Sagardoaren Txapelketako finalaurrekoan, datorren astelehenean, Ezkurra II.ak eta Juaneneak Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea izango dituzte aurkari.
Testuinguru horretan, Aburuzako ordezkariak izan diren Ansa II.ak eta Zubirik, Gorka Izagirre kapitain lanetan, aurkariek baino hobeto ekin diote neurketari, eta merezita eskuratu dute aurreneko jokoa; atsedenaldian, aurrelari urnietarra eta atzelari goizuetarra 8-4 zebiltzan aurretik, eta abantaila horri eutsi diote, norgehiagokako lehenengo puntua eskuratu arte. Hasierako joko horrek emandako bultzada baliatuta, bigarrenean ere oso indartsu hasi dira; aurrenekoan bezala, 8-4 ari ziren gailentzen, gerora Ezkurra II.a eta Juanenea suspertu egin dira eta zortzina berdindu dute, baina Imanol Ansak eta Aritz Zubirik berriro ere handitu dute euren aldeko abantaila. Hala, 14-10 jarri dira aurretik, eta ematen zuen garaipena ia erdietsita zutela.
Ezkurra II.ak eta Juaneneak sakea berreskuratu dute, 14-11koan, eta atzelari nafarra sakeak zabaletik ateratzen hasi da. Agian horrek desorekatu du bikote aurkaria; nolanahi ere, Bereziartuako Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak, Patri Espinar kapitain lanetan izan dutela, irauli egin dute neurketa, modu ikusgarrian irauli ere. 14-10ekotik 14-15ekora igaro da, eta partida hirugarren jokoan erabaki da; horretan, Ezkurra II.ak eta Juaneneak dena egin dute bikain, eta bikote aurkariak ezin izan du inolako erantzunik eman.