Pilota
Zesta punta
Euskadik Mexiko menderatu du, bi jokotan, 15-7 eta 15-10, eta indartsu jarraitzen du Jai Alaiko Nazioen Ligan
EITB MEDIA
Helena Barrenetxeak eta Maialen Aldazabalek eman diote Euskadiko selekzioari bigarren garaipena, asteartean, Gernika-Lumon jokatzen ari diren txapelketan; hala, Euskadik Espainiaren aurka izango du jokoan multzoko aurreneko postua, asteazkenean.


Euskadiko emakumezkoen selekzioak Mexikoko selekzioa menderatu du bi jokotan, 15-7 eta 15-10, Jai Alaiko Nazioen Ligako hirugarren jardunaldian, Gernika-Lumon, asteartean. Hala, euskal taldea, emakumezkoen txapelketako multzo bakarrean, Espainiako selekzioarekin berdinduta dago, bi selekzio horiek bina garaipen eskuratuta; Mexikok garaipen bat du, eta Frantziak ezin izan du partidarik irabazi. Horrenbestez, asteazkenean, 19:00etan hasiko den neurketan, Euskadik eta Espainiak multzoko lehenengo postua izango dute jokoan.
Asteartean, Euskadi, Helena Barrenetxea aurrelari eta Maialen Aldazabal atzelari, Mexikori gailendu zaio; Tania Mayorga eta Maria Fernanda Ballesteros kantxaratu dira Mexikoko selekzioaren aldetik. Helena eta Maialen bi jokotan izan dira nagusi, eta ez die aukerarik eman aurkariei. Mexikok asko zuen jokoan; izan ere, partida irabazi izan balu, ostiraleko final handia jokatzeko itxaropena izango zezakeen.
Aurretik, gizonezkoen txapelketan, Estatu Batuetako selekzioak, Johan eta Gorka Sorozabal anaiek ordezkatuta, Espainia menderatu du, hiru jokotan, 14-15, 15-9 eta 9-10; Erik Mendizabal eta Gorka Mugartegi 'Atain' izan dira Espainiako selekzioko puntistak. Eta emakumezkoen txapelketari dagokionez, Espainia, Erika Mugartegi eta Arai Lejardi pilotariekin, Frantziari gailendu zaio, bi jokotan, 15-5 eta 15-4; Marie Laugie eta Romane Mercadie ibili dira Frantziako elastikoa soinean.
Jai Alaiko Nazioen Ligako laugarren jardunaldian, asteazkenean, aipatutako Euskadi-Espainia partidaz gain, beste bi norgehiagoka hauek ere jokatuko dituzte, gizonezkoen txapelketan: A multzoan, 18:00etan, Espainia-Mexiko, eta B multzoan, 20:00etan, Euskadi-Filipinak.