Pilota
Zesta punta
Euskadik Filipinak menderatu ditu (15-5, 15-5) eta Espainiaren aurka galdu du (5-15, 7-15), Nazioen Ligan
EITB MEDIA
Hala, ostegunean, gizonezkoen txapelketan, Euskadik Espainia izango du aurkari, finalaurrekoetan; emakumezkoetan, Euskadi eta Espainia final handian arituko dira nor baino nor gehiago, berriro, ostiralean.
-
Euskadik garaipena lortu du Filipinen aurka, baina galdu du Espainiaren kontra. Argazkiak: EFE.
Euskadiko gizonezkoen selekzioak Filipinetakoa menderatu du, bi jokotan, 15-5 eta 15-5, eta Euskadiko emakumezkoen selekzioa galtzaile irten da Espainiakoaren aurka, bi jokotan, 5-15 eta 7-15, 2025eko Jai Alaiko Nazioen Ligako ligaxkako laugarren eta azken jardunaldian, Gernika-Lumon, asteazkenean. Hala, gizonezkoen txapelketan, Euskadik, B multzoko lehen sailkatua bera, Espainiaren aurka jokatuko du finalerdietan, ostegunean, 22:00etatik aurrera, ostiraleko final handirako txartela eskuratzea helburu; emakumezkoen txapelketari dagokionez, ordea, Euskadik final handia jokatuko du, ostiralean, Espainia aurkari, 21:00etatik aurrera.
Gizonezkoen txapelketan, Eñaut Urreistik eta Unai Lekerikak debuta egin dute Euskadiko selekzioarekin, eta nagusitasunez irabazi dute, bi jokotan, 15-5 eta 15-5, Filipinetako selekzioa aurkari; Robin Flores eta Carlo Benavente izan dira Filipinetako bikotean. Pentsatzeko modukoa zen Euskadi zela faborito, ligaxkari amaiera emango zion norgehiagokan, eta bete egin da gidoia, egia esan.
Ondo ibili dira Urreisti eta Leke, aurkariak baino hobeto; hori bai, Flores Filipinetako aurrelariak Gernika-Lumoko Jai Alain beste behin giro bikaina sortu duten zaleen txaloak jaso ditu, tanto eder batzuk egin baititu. Hala, Euskadik multzoko lider gisa bukatu du ligaxka, eta, finalaurrekoan, A multzoan bigarren sailkatu den Espainia izango du aurkari.
Emakumezkoen txapelketan, Euskadiko eta Espainiako selekzioak aritu dira nor baino nor gehiago; biak ala biak ostiraleko final handirako sailkatuta zeuden, eta asmoa zuten, alde batetik, multzoko aurreneko postua lortzea, eta, bestetik, aurkariari, nolabait, lehenengo kolpea jotzea. Testuinguru horretan, Espainiak lortu du garaipena, bi jokotan, 5-15 eta 7-15. Erika Mugartegi eta Arai Lejardi aritu dira Espainiako selekzioan, eta Elaia Gogenolak eta Maia Goikoetxeak osatutako bikotea baino gehiago izan dira.
Hobeto ekin dio partidari Espainiak, eta norgehiagoka osoan eutsi dio sendotasun horri. Erika ondo aritu da errematean, eta, atzean, Araik partida bikaina egin du, ia-ia akatsik gabekoa. Euskadiren aldetik, Elaiak, tanto polit batzuk eginda ere, ezin izan du hainbatetan emandako maila erakutsi, eta Maiari ere gauza bera gertatu zaio. Espainiako selekzioak merezita erdietsi du garaipena.
Txapelketako laugarren jardunaldian jokatu duten aurreneko partidan, Espainiak, Cosme Aguirre aurrelari eta Ruben Bailo atzelari, Mexiko menderatu du, bi jokotan, 15-6 eta 15-7; azken selekzio horretan, Gonzalo Sierrak eta Javier Ruiz Povedak osatu dute bikotea. Espainia gehiago izan da, bereziki lehenengo jokoan; izan ere, bigarrenean zazpina ere izan dira. Azkenean, Espainiak garaipen ezinbestekoa eskuratu du; hain zuzen ere, neurketa horretan finalaurrekoetarako txartel bat zegoen jokoan.

Ruben Bailok eta Cosme Aguirrek finalerdietara eraman dute Espainiako selekzioa. Argazkia: EITB Media.