Pilota
Zesta-punta
Frantziak eta Euskadik jokatuko dute Nazioen Ligako gizonezkoen finala
EITB MEDIA
Frantziak bi setetan irabazi dio AEBri (13-15 eta 13-15), eta Euskadik gauza bera egin du Espainiaren aurka (15-10 eta 15-9).
-
Nazioen Liga. Argazkiak: EFE.
Ludovic Laduchek eta Thibault Basquek, Frantzia ordezkatuz, eta Aritz Erkiagak eta Imanol Lopezek, Euskadi ordezkatuz, jokatuko dute Nazioen Ligako final handia, ostegun honetan finalerdietan garaile atera ondoren. Frantziak bi setetan garaitu du AEB (13-15 eta 13-15), eta Euskadik gauza bera egin du Espainiaren aurka (15-11 eta 15-9).
Lehen finalerdian, Johan eta Gorka Sorozabal (AEB) Laduche eta Basqueren aurka (Frantzia) aritu dira. Frantziak erritmoa ezarri du partidaren hasieran, lehen lau tantoak erraz lortuz. Hor esnatu dira aurkariak, pilotari abiadura emanez partida berdintzeko, eta aurretik ere jarri dira. Hala ere, sufrituta, Frantziak eskuratu du lehen seta (13-15).
Bigarren seta aldrebesagoa izan da, eta bikoteak sakea tantoz tanto trukatuz joan dira. 4-0eko partzialarekin, AEBk abantaila hartu du partida hirugarren setera eramateko saiakeran. Hala ere, Laduchek eta Basquek joko bikaina egin dute, eta ostiral honetako finalerako sailkatu dira, bigarren seta ere irabazita (13-15).
Bigarren finalerdian, Erkiaga eta Lopez (Euskadi) eta Erik eta Atain (Espainia) aritu dira aurrez aurre. Lehen seta paretsua izan da, eta Espainiako ordezkariak izan dira nagusi hasieran. Lehen tantoen ondoren, Erkiaga jokoan gehiago sartzen hasi da, eta hortxe nabarmendu dira berdeak lehen seta irabazteko (15-11).
Bigarren setean, Euskadiren nagusitasuna nabarmena izan da: Erkiaga geldiezin aritu da aurrealdean eta Lopez sendo atzealdean. Garaipena espero arren, Erkiagari eta Lopezi kosta egin zaie azken tantoa egitea. Azkenean, 15-9 irabazita, Euskadik Frantziaren aurka neurtuko ditu indarrak finalean.