Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Zesta-punta

Euskadik Frantzia garaitu, baina Espainiaren aurka galdu du Nazioen Ligako finala

EITB MEDIA

Emakumezkoen finalean, 15-4 eta 15-9 galdu du Espainiaren aurka. Gizonezkoetan, aldiz, 15-13 eta 15-11 irabazi dio Frantziari.

1:20

Erika Mugartegi eta Arai Lejardi, Espainia ordezkatzen, eta Aritz Erkiaga eta Imanol Lopez, Euskadi ordezkatzen, atera dira txapeldun 2025eko Nazioen Ligan.

Emakumezkoen finalean, Erika Mugartegi eta Arai Lejardi (Espainia) eta Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea (Euskadi) izan dira aurrez aurre.

Markina-Xemeingo neskek askoz hobeto hasi dute partida, eta lehen sei tantoak eurek egin dituzte jarraian (6-0). Ondoren egin du Euskadik lehen tantoa, baina, hala ere, Elaia eta Maiari asko kostatu zaie partidan sartzea. Akats gehiegi egin dituzte, eta horretaz baliatu dira Erika eta Arai tantoak pilotakada gutxitan bereganatzeko (12-4). Hala, azkar batean itxi dute lehen seta Espainiaren alde (15-4).

Bigarren seta hobeto hasi du Euskadik, baina Espainia ere ez da atzean geratu. Hala, jokoa oso parekatuta egon da, eta markagailuan hainbat aldiz berdindu dute (4-4). Elaiak eta Maiak pilota gehiegi galdu dituzte ondoren, 11 guztira, eta Espainiak berriz hartu du aurrea (9-6). Ez dira hutsuneak zuzentzeko gai izan, eta Espainia nagusitu da Nazioen Ligako emakumezkoen txapelketan (15-9).

2:55

Gizonezkoen finalean, Aritz Erkiaga-Imanol Lopez (Euskadi) eta Ludovic Laduche-Thibault Basque (Frantzia) lehiatu dira.

Lehen seta oso parekatua izan da, eta lehen tantoak txandaka lortu dituzte (6-6). Laduche oso bizi aritu da erasoan, eta horrek markagailuan aurretik jartzea ahalbidetu dio Frantziari (8-12). Azken tantoetan, baina, Euskadi berpiztu egin da, eta seta bereganatu du, azken bost tantoak jarraian eginez (15-13).

Bigarren setean, Lopezen joko ona nabarmendu da. Horrek gidatu du Euskadi lehen tantoetan, hormabiko bikain bat ere eginez. Laduchek eta Basquek, dena den, ez dute amore eman, eta oso gertutik jarraitu dituzte aurkariak finala lehiatzeko (10-9). Euskadi jaun eta jabe izan da azken tantoetan, eta Nazioen Liga irabazi du (15-11).